Sopelako gure zinegotziak ekimen bat jarri du abian udalerrian turismo-arretarako zerbitzua indartzeko

Sopelako Turismo Bulegoak Loiola Ander Deuna kaleko 28. zenbakian zentralizatuko ditu bere zerbitzuak, eta Udaletxeko plazako bulegoa itxi egingo du. Toki Garapeneko Alorrak, Eder García gure zinegotzia buru duela, aldaketa hau bultzatu du, zerbitzu eraginkorragoa eta modernoagoa eskaintzeko asmoz.
Erabaki horren oinarria da azken urteetan artatutako bisitari-kopuruaren bilakaera aztertzea, zeinak erakusten baitu bulego horretako aurrez aurreko eskaria gero eta txikiagoa dela. “Zerbitzua aktibo eta arreta modu berrietara egokituta mantentzeko ahaleginak egin diren arren, datuek berresten dute bidaiarien ohituretan izandako aldaketak nabarmen murriztu duela aurrez aurreko arretaren beharra puntu zehatz honetan”, adierazi du Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziak. 2024ko uztailean jasotako datuek joera argia islatzen dute: 1.521 turista artatu zituzten Larrabasterran, eta 348 Udaletxeko plazan. Errealitate horren aurrean, eraginkorragoa da arreta turistikoaren eredua berrantolatzea eta zerbitzuak indartzea, arreta intentsiboagoa eta egokituagoa eskainiz.
Kontuan hartu den beste alderdi bat izan da bisitarien arreta-zerbitzuaren digitalizazio-prozesua, bereziki Jataondo landa-garapenerako elkarteak hiru pantaila interaktibo ezartzea aurreikusi baitu. Aurreikuspenen arabera, 2025erako jarriko dira martxan. “Tresna horiei esker, informazio turistikoa modu autonomoan eta egunean ordu gehiagoz eskaini ahal izango da, baita aurrez aurreko ordutegitik kanpo ere. Turismo Bulegoan bi pertsona lanean egonda, kalitatezko arreta zuzena mantentzeaz gain, baliabide digital horiek kudeatu eta etekin handiagoa ateratzea posible izango da”, azaldu du Garciak. Era berean, arreta-ordutegia indartu egingo da, eta arreta-ordutegia urte osora zabalduko da:
Goi-denboraldia (uztaila eta abuztua): astelehenetik igandera (jaiegunak barne), ordutegi jarraitua 10:00etatik 19:00etara.
Behe-denboraldia (urteko gainerako egunak): astelehenetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, eta igande eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara.
Aste Santuan (ostegun santutik Pazko astelehenera): 10:00etatik 18:00etara.
Gabonetan, zerbitzua ez da eskainiko abenduaren 25ean, urtarrilaren 1ean eta urtarrilaren 6an; abenduaren 24an eta 31n, berriz, 10:00etatik 14:00etara emango da.
Planteamendu berri horri esker, baliabide publikoak modu jasangarriagoan kudeatzeaz gain, kalitate eta egonkortasun handiagoko lana eskaintzen zaie azpikontratatutako pertsonei, hobeto antolatutako eta zerbitzuaren benetako beharretara hobeto egokitutako lanaldien bidez. “Arreta estatistikak, zerbitzuaren benetako eskaria, udalerriaren errealitate turistikoa, Udalaren iraunkortasun helburuak, herritarrenganako zaintza eta zerbitzua ematen duten pertsonei kalitatezko lana eskaintzearen garrantzia kontuan hartuta, berrantolaketa honen alde egin da. Neurriari esker, turismo eredua egungo beharretara egokitu daiteke, baliabide publikoak optimizatu, eta jende gehien biltzen den uneetan arreta indartu, urte osoan zerbitzuaren hurbiltasuna eta kalitatea galdu gabe”.
Sopelako informazio gunea ixteaz gain, hondartzan kokatutako informazio gunea ere ixtea erabaki dute. Erabaki horrek baliabideak optimizatzeko eta zerbitzuaren benetako eskarira egokitzeko irizpide berei erantzuten die, Garciaren esanetan: “Larrabasterrako turismo bulegoari protagonismo estrategikoa eman nahi diogu, funtsezko puntua baita Bilbo metropolitarrarekin metro bidez eta Bizkaibusen bidez duen loturagatik eta hondartzetatik oinez edo bidegorrien bidez duen hurbiltasunagatik. Horrela, baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzea lortzen dugu, digitalizazioan aurrera egiten dugu eta langileen lan-baldintzak zein Udalak turismo-arloan eskaintzen duen zerbitzua hobetzen ditugu”.
Turismo-informazioko hiru puntu bulego bakarrean finkatzea erabaki ekonomiko estrategikoa da. Gaur egungo zerbitzuak 154.425 euro suposatzen du urtean. Bulego baterako trantsizioak aukera ematen du lizitazio berriaren kostu-igoera geldiarazteko: hiru bulegorekin 253.492 euroko kostu zenbatetsia izatetik, bakar batekin 168.439 eurokoa izatera pasatzen da.
Prozesu parte-hartzailea
Udaletxeko plazan dagoen instalazioaren etorkizuneko erabilera erabakitzeko prozesu parte-hartzailea martxan jartzeko asmoa du Udalak. Hala ere, aurretik beharrezkoa izango da eraikinaren egoera ebaluatzea eta, egokitzat joz gero, beharrezko hobekuntzak egitea.