Ezker Anitza-IUk Sopelako Turismo Bulegoak Enpresa Turistiko Adimendunaren ziurtagiri ofiziala izatea lortu du

Sopelako Udaleko Turismo Bulegoak Enpresa Turistiko Adimendunaren (ETI) egiaztapen ofiziala lortu du UNE 178510:2023 arau exijentearen arabera. Basquetourrek (Turismoaren Euskal Agentzia) bultzatutako programaren barruan emandako aitortza honek gobernantzan, berrikuntzan, teknologian, irisgarritasunean eta jasangarritasunean erreferentziazko helmuga gisa kokatzen du Sopela.
Sopelako Toki Garapen Arloko Turismo Departamentuko taldeak 2026aren hasieratik egindako lanaren emaitza da lorpena, Sopelako Udaleko Ezker Anitza-IUko bozeramaile Eder Garcia buru zuela, bere lan prozesuen berrikuspen integralean, digitalizazioan eta optimizazioan erabat bideratuta egon baita. Hilabeteetako egokitzapenaren ondoren, joan den ekainean kanpo auditoretza egiteak berretsi zuen eskatutako estandar guztiak betetzen zirela.
Bereizgarri honekin batera, Sopela Turismok bikaintasun turistikoarekin duen konpromisoa sendotu du, Turismo Kalitatearen ‘Q’ zigilua berritzeko ikuskaritza ere gainditu ondoren, bisitarien zein auzokideen arretan etengabeko hobekuntza eta sendotasuna erakutsiz.
Egiaztapen honekin, Sopelak tokiko turismoaren lehiakortasuna indartzen du eta Euskadiko Helmuga Turistiko Adimendunaren ereduaren barruan finkatzen da, pertsonen beharretara bideratutako esperientzia berritzailea bermatuz.
Toki Garapen Arloko zinegotzi Eder Garcíaren hitzetan: “Egiaztapen berri honek eta Kalitatezko Q zigilua berritzeak zerbitzu publiko moderno, jasangarri eta berritzailea eskaintzeko Sopelako Udalak egindako ahalegina finkatzen dute. Gainera, eskerrak eman
nahi dizkiet Turismo Bulegoan lan egiten duten pertsonei egiaztapen exijente hau lortzeko egindako ahaleginagatik eta lanagatik. 2026an aitortza hau lortu duten Bizkaiko bost erakundeetako bat izatea lorpen honen konplexutasunaren ikurra da”.



