Sopelako Ezker Anitza-IUko zinegotziak erakusleiho lehiaketa bat bultzatuko du Gabonetan herriko merkataritza indartzeko

Sopelako Udaleko Tokiko Garapen Arloak, Eder García Ezker Anitza-IUko zinegotzia buru duela, erakusleihoen lehiaketa bat jarri du abian, eta guztira Sopelako 30 saltokik eta zerbitzu-enpresak hartuko dute parte.
Erakusleihoen lehiaketa honek bat egiten du datozen asteetan argitaratuko den Hiri Ekonomiaren Planaren ardatz estrategikoekin. PIMECUS 2026-2030 dokumentuak zehazten duen bezala, proposatutako ekintza hauekin komunitatea egin nahi da, beste herrietako jendea erakarri eta Sopelako negozioak sustatu.
“Lehiaketa honen eta Toki Garapeneko sailak antolatzen dituen beste ekintza batzuen bidez, komunitatea osatu nahi da, udalerria dinamizatuz eta saltokiak eta zerbitzuak herritarrengana hurbilduz. Egunez egun beren onena ematen duten pertsonak ikusaraztea da helburua, produkturik onenak arreta onenarekin eskaintzeko. Eskerrak eman nahi dizkiet parte hartu duten establezimendu guztiei, Gabonetan beren erakusleihoak apaintzeko erakutsi duten inplikazioagatik eta dedikazioagatik”, Ezder García hitzetan.
Herritarrek aurrez aurre bozkatu ahal izango dute euren erakusleiho gogokoenaren alde, online formulario baten bidez. Establezimendu bakoitzeko karteletan dagoen QR kodearen bidez eskura daiteke online formularioa. Era horretara, parte-hartzea eta Gabonetako giroa sustatu nahi dira herrian. Pertsona bakoitzak nahi adina erakusleiho bozkatu ahal izango ditu, baina behin bakarrik erakusleiho bakoitzeko.
Lehiaketaren atariko gisa, Toki Garapen sailak erakusleihoak apaintzen irakasteko doako prestakuntza saio bat eskaini zuen azaroaren 11n, Kurtzio Kultur Etxean. Urtzi Zarate Espacios Efímeros enpresako profesionalak eman zuen: Bizkaiko eta beste herri batzuetako lehiaketetan saritua izan da.
Epaimahai profesional batek originaltasuna eta sormena, estetika eta muntaia, merkataritza-jarduerarekiko koherentzia, argiztapena eta konposizio bisuala baloratuko ditu.
Erakusleiho-apainketako, diseinuko eta merkataritzako profesionalek osatuko dute epaimahaia. Bertako kide izango dira Amaya Garcia, Moda Infantil Amaya, Sopelan hainbat hamarkadatan zehar eta 2025era arte haurren moda dendako jabea eta urte honetara arte Sopelako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kidea; Urtzi Zarate, Espacios Efímeros enpresako kidea eta erakusleiho-apainketan aditua; eta Jorge de Francisco, Bilboko Merkataritza Ganberako Merkataritza Saileko teknikaria.
Epaimahaikideen bisitak abenduaren 15etik 20ra bitartean egingo dira, aldez aurretik jakinarazi gabe, eta azken erabakia Sopelako Udalak bere gain hartuko duen aktan jasoko da, dagokion administrazio-egintzaren bidez.
Lehiaketaren amaieran, epaimahaiaren lehenengo saria (295 euro eta diploma), bigarren saria (150 euro eta diploma) eta publikoaren saria (295 euro eta diploma) banatuko dira. Gainera, bozketan parte hartzen duten pertsona guztien artean 45 euroko sei txartel zozketatuko dira, parte hartzen duten edozein saltokitan trukatu ahal izango direnak.
Sari banaketa 2026ko urtarrilaren 9an egingo da, 14:00etatik 16:00etara, Kurtzio Kultur Etxean egingo den ekitaldi publiko batean. Ekitaldi horretan, parte hartzen duten erakusleihoen irudiak proiektatuko dira, eta, amaieran, mokadutxo bat egingo da tokiko produktuekin.



