Ezker Anitza-IUk Hiri Ekonomiarako Ekintza Plana sustatu du Sopelan

Eder García Ezker Anitza-IUko zinegotzia buru duen Tokiko Garapen Arloak planaren azken zirriborroa aurkeztu die udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreko ordezkariei.
Sopelako Udaleko Toki Garapen sailak udalerriko 2026-2030 Hiri Ekonomiaren Ekintza Planaren azken zirriborroa aurkeztu zuen atzo, urriak 22, Kurtzio Kultur Etxean. Dokumentua ekarpenak egiteko eta azken berrikuspena emateko fasean dago gaur egun, eta udalerriko hiri-ekonomia bultzatzeko eta hurrengo urteetarako merkataritza- eta zerbitzu-sarea indartzeko jarduera nagusiak biltzen ditu.
Sopelako Udaleko Ezker Anitza-IUko bozeramaileak eta Tokiko Garapeneko ordezkari Eder Garcíak nabarmendu du “plan honek udalari bide-orri bat eman nahi diola merkataritza sektoreari zein kontsumitzaileei eragiten dieten erronka nagusiei eraginkortasunez aurre egiteko gai den hiri-eredu ekonomiko bat lortzeko”.
Otsailean hasi zen plana egiteko prozesua, Ikertalde aholkularitza taldeak egindako lanarekin. Lehen fase horretan, inkestak egin ziren kalean eta etxeetan, eta, horrez gainera, bilerak egin ziren udalerriko sektore ekonomikoekin, merkatarien elkartearekin eta tokiko enpresekin.
Ekainean diagnostikoaren aurkezpena eta Ikertaldek dinamizatutako saio parte- hartzailea egin ziren. Topaketa horretan —ordezkari politikoak, teknikariak eta merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-sektoreko eragileak bildu ziren—, lehentasunezko laguntza-palankak, tokiko merkataritzaren puntu kritikoak, Sopelako hiri-ekonomiaren etorkizuneko ikuspegia eta udalerriaren garapenerako jarduera garrantzitsuenak zehaztu ziren.
Sopelako Hiri Ekonomiarako 2026-2030 Ekintza Planaren azken zirriborroak merkataritza eta zerbitzuen sektorearen egokitzapena sustatu nahi du, eskualdearen zentralitatea finkatu eta Sopelako garapen turistikoa bultzatu, 2030era begira hiri-ekonomiaren eredu lehiakorrago eta jasangarriago baterantz aurrera eginez. Herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduetako arduradunak bildu ziren saioan.



