Jon Hernandezek Eusko Jaurlaritzari eskatu dio herri palestinarraren okupazioan inplikatutako enpresekin dituen loturak hausteko, eta CAFekiko irmotasun falta kritikatu du

Sumar koalizioko legebiltzarkideak, bere taldeak aurkeztutako legez besteko proposamena defendatu du Eusko Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzak Palestinako herriaren okupazioan eta errepresioan zuzenean edo zeharka parte hartzen duten edo onura ateratzen duten enpresekiko kontratu- edo lankidetza-harreman oro eten dezan. Hernandezek azpimarratu duenez, “garaia da Euskadik beste alde batera begiratzeari uzteko eta Palestinako herriaren sufrimenduari etekina ateratzen diotenekin edozein lotura ekonomiko edo instituzional hausteko”.
Hernandezek bere hitzaldian adierazi duenez, “Eusko Jaurlaritzak arazoak ditu enpresen edo kapitalaren konplizitatea edo kidetasuna argi eta garbi adierazterakoan”, eta gogorarazi du proposamenak “Euskadiren konpromiso instituzionalen eta giza eskubideen arloan egiten duen praktika errealaren artean koherentzia jartzeko beharrari erantzuten diola”.
Ekimenak planteatzen du Eusko Jaurlaritzak kontratazio publikoa bideratu dezala giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbidearen errespetua egiaztatzen duten enpresetara, eta ez dezala akordio berririk egin Palestinaren okupazioan erabilitako armamentu edo teknologia militarraren ekoizpenean edo hornikuntzan parte hartzen duten Israelgo enpresekin. “Diru publikoa ezin da amaitu herri palestinarraren sufrimenduari etekina ateratzen diotenen eskuetan”, azpimarratu du.
Legebiltzarkideak adierazi duenez, “genozidioarekin negozioa egiten duten enpresak daude”, eta gogorarazi du NBEko txostengile berezi Francesca Albanesek uste duela Gazan 680.000 pertsona hil direla edo hil daitezkeela, eta genozidioa ez dela gelditu, “enpresa eta korporazio interes batzuentzat irabazia delako”.
Horregatik, Hernandezek eskatu du “interes ekonomikoengatik Israelgo Estatuaren estrategia genozidan parte hartzen duten kapitaleko enpresen eta agenteen aurka kritikatzeko, presionatzeko eta ekiteko orduan marra gorririk ez egotea”.
Ildo horretan, berariaz aipatu du CAF enpresa, “Israel Palestinan, kasu honetan Zisjordanian, egiten ari den horretan zuzenean parte hartzen duen euskal konpainia”. “Ezin da defendatu CAF Jerusalemgo trenaren proiektuan parte hartuta egiten ari dena, eta, hala ere, Eusko Jaurlaritza hori defendatzen ari da”, salatu du.
Hernandezek “askoz irmotasun handiagoa” eskatu dio Jaurlaritzari, eta “genozidio honetan parte hartzen duten enpresekin mota guztietako harremanak haustea” eskatu dio, “etika publikoko eta koherentzia instituzionaleko irizpideak aplikatuz”.
“Diru publikoak ezin du herri baten errepresioa elikatu, ezta nazioarteko zuzenbidea urratzen duten enpresak finantzatu ere”, gaineratu du.
Sumarreko legebiltzarkideak ondorioztatu duenez, ekimen honen helburua “Euskadi bere konpromiso instituzionalekin eta giza eskubideen arloko Europako estandarrekin koherentzian jartzea da”, eta “Eusko Jaurlaritzak erabaki behar du nazioarteko bakearen eta justiziaren defentsan konplize edo erreferente izan nahi duen”.



