Barakaldoko Ezker Anitza-IUk gogor kritikatu du Karmengo jaietako indarkeria matxistaren aurkako informazio puntuaren arreta enpresa pribatu bati esleitu izana

Casimiro Castañok deitoratu du EAJ eta PSEren Gobernu Taldeak konpainia pribatu bati ematea Barakaldoko mugimendu feministak egiten zuen lan bat, “erabaki hau zergatik hartu den inolako azalpenik eman gabe”.
2025 uztailaren 9a. Barakaldoko Ezker Anitza-IU Barakaldok gogor kritikatu du EAJk eta PSEk osatzen duten Barakaldoko Udaleko Gobernu Taldea, Barakaldoko mugimendu feministak egiten duen lanarekiko “mespretxuz” jokatzen duelako, oraingo honetan Argitan elkartearekiko, azken honek duela urte batzuetatik kudeatzen baitu ‘Puntu Lila’ bezala ezagutzen den Karmengo jaietako indarkeria matxistaren aurkako informazio postua.
EAJren esku dagoen Berdintasun Sailak ‘Puntu Lilaren’ arreta enpresa pribatu bati esleitu diola jakin ondoren, Barakaldoko Udalean Ezker Anitza-IUko ordezkari Casimiro Castañok erabaki hori deitoratu du, “inolako justifikaziorik gabe, zerbitzu hori herriko mugimendu feministari esleitzeko zegoen adostasunarekin hausten duena. Jaiak hasteko egun gutxiren faltan harritu gaituen neurri honekiko gure gaitzespen borobila adierazi besterik ezin dugu egin”.
Casimiro Castañok, gainera, ohartarazi du jarduera hau “beste urrats bat dela emakumeenganako indarkeriaren aurkako prebentzioan eta borrokan egiten duten lan handia erakutsi duten herriko erakundeek egin ditzaketen zerbitzuen pribatizazioan”.
Ildo beretik, Barakaldoko Ezker Anitza-IUk Gobernu Taldeari aurpegiratu dio “enpresa pribatu bati egindako kontratu honek hirukoiztu egiten duela zerbitzua ematearen gastua, jaietako indarkeria matxistaren aurkako informazio-puntuaren kostuaren igoera hori bermatzeko inolako arrazoirik gabe, eta gainera, nahi izanez gero, ez dela Barakaldokoa”.