Ezker Anitza-IU Sopelak Toki Garapeneko zinegotzigotik ostalaritza dinamizatzen du eta Sopela ‘Gustora’ pintxo lehiaketa aurkezten du

Herriko ostalaritza sektorea sustatzeko asmoz, Sopelako Udaleko Toki Garapen Arloak, Ezker Anitza-IUko zinegotzi Eder Garcia buru duela, tokiko dinamizazio ekimen bat jarri du abian, eta bi pintxo lehiaketa egingo dira: bata Sopelako zentroan eta bestea Larrabasterran.
Udalak bi prestakuntza saio egin zituen Sopelako ostalariekin. Apirilaren 28an eta maiatzaren 12an, hain zuzen ere. Lehenengo saioan, herriaren eta lokal bakoitzaren nortasuna landu zen, lehiaketako pintxorik onena sortzeko. Orduan jaso zituzten lehiaketaren izena eta irudia sortzeko ideia nagusiak: “konfiantza”, “giro ona”, “herriko giroa” edo “hurbiltasuna” bezalako hitzak nabarmendu zituzten. Era berean, kolore nagusiak ere zehaztu zituzten: urdina eta berdea.
Bigarren saioa, berriz, teknikoagoa izan zen, eta produktuen errentagarritasuna eta eskaintza gastronomikoa bezalako gaiak landu ziren, baita prezio egokienak zeintzuk izan zitezkeen kalkulatu ere. Modu parte hartzaile horretan landu du ostalaritza sektoreak ekimena, pintxo lehiaketa antolatzen ari den enpresarekin elkarlanean. Sopela Gustora deitu dute.
Maiatzaren hasieran, argazki eta elkarrizketa saioak egin dituzte pintxo lehiaketa promozionatzeko. Era berean, sare sozialetan ere sortu dute kontua: @sopelagustora, Instagramen eta Facebooken.
Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan, garrantzitsua da halako ekimenen bitartez ostalaritza sektorea herritarrengana hurbiltzea: “Lehiaketa honen bitartez, ez dugu Sopela dinamizatu nahi soilik. Herrian dugun ostalaritza sektorea ezagutarazi eta balioan jarri nahi dugu, baita herritarrek barraren atzean lanean dabilen jendea ezagutzea eta euren produktuak dastatzea ere”.
Pintxo lehiaketaren lehen aldi honetan, Sopelako bederatzi establezimenduk eta Larrabasterrako seik parte hartuko dute. Maiatzaren 30ean, 31n eta ekainaren 1ean egingo dute lehen saioa Sopela erdigunean, eta, ekainaren 6an, 7an eta 8an, bigarrena, Larrabasterran.