Osasun itunaren mahaiak euskal osasun publikoaren defentsarako plataformen parte-hartzea izatea eta benetan foro parte-hartzailea izatea eskatu du Sumarrek
Jon Hernandez koalizioko legebiltzarkidea ostegun honetan joango da Eusko Jaurlaritzak Bilbon deitutako balizko osasun-itun baten aldeko mahaiaren bilerara, nahiz eta uste duen deialdiak “ez dituela beharrezko eragile guztiak, hala nola osasun publikoaren defentsarako herri-plataformak, eta gai-zerrendak informatiboa dirudiela, parte-hartzailea baino gehiago”.
Duela egun batzuk, Sumar koalizioak baieztatu egin zion Osasun Sailari bihar, osteguna, Bilboko Bizkaia Aretoan egingo den osasunaren aldeko itunaren mahaiaren bileran parte hartuko duela; izan ere, Jon Hernandez legebiltzarkideak azaldu duenez, “osasun publikoa defendatzen jarraitu nahi dugu, ahal den foro guztietan eta Osakidetzaz hitz egingo den tokietan”. Hala ere, Hernandezek ohartarazi duenez, koalizioak “ez du parte hartuko osasun publiko indartsu eta kalitatezkoaren aldeko apustu argia ez den itun batean. Horretarako, orain arte egin diren gauza asko aldatu behar dira, bereziki sektore pribatuak Osakidetzaren eta baliabide publikoen inguruan duen zereginarekin zerikusia duena”.
Sumarreko parlamentariak azpimarratu du jarrera eraikitzailearekin eta kritikoarekin joango dela lehen bilerara; izan ere, “faltan sumatzen dugu osasun publikoaren defentsarako plataformak parte hartzera gonbidatu ez izana. Gure ustez, lehen mailako eragileak dira gure osasunaren etorkizunerako itun bat lortu nahi bada. Logikoa iruditzen zaigun bezala pazienteen elkarteek parte hartzea, plataforma horiek ere bertan egon behar dute, osasun publiko on baten garrantziaren inguruan antolatutako gizartearen funtsezko parte baitira”.
“Ez dakigu mahai hau baliagarria izango den ala ez, eztabaidatu daitezkeen edukien araberakoa izango da, baina hasteko, uste dugu alderdi politikoetatik harago doan osasunaren aldeko euskal itun bat nahi bada, benetan foro parte-hartzailea izan behar duela. Hori dela eta, bihar bilerara joango gara, eta ondoren balorazioa egingo dugu, baina egia da lehen bilera honek, behintzat, gehiago ematen duela informatiboa parte-hartzailea baino; gai-zerrendako lau puntu daude Jaurlaritzari entzuteko, eta bat galde-eskeei buruzkoa. Espero dugu aurrerantzean gauza ez izatea informazio hutsa”, zehaztu du Jon Hernandezek.