EAJren eta PSEren Ehiza Legearen aldaketari zuzenketak aurkeztu dizkio Sumar koalizioak adingabeen osotasun fisikoa eta psikologikoa larriki konprometitzen dituelako

“Ez diete bozkatzen uzten, baina bai ehizatzen”, adierazi du Jon Hernandez legebiltzarkideak, eta gogor kritikatu du Legearen aldaketak atea irekitzea haurrek eta nerabeek ehizako uxaldietan parte har dezaten.
Sumar legebiltzar-taldeak zuzenketa batzuk aurkeztu ditu EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean erregistratu duten Ehizari buruzko Legea aldatzeko lege-proposamenaren aurka. Proposamen horrek bide ematen dio ehiztariei uxaldietan laguntzeko edozein pertsonari, 16 urtetik beherakoak barne; izan ere, Jaurlaritzak proposatutako lege-aldaketak aukera ematen du haurrek eta nerabeek ehizan parte hartzeko. “Ez diete bozkatzen uzten, baina bai ehizatzen”, kritikatu du Jon Hernandez legebiltzarkideak.
Sumarrek uste du armak erabiltzen diren jardueren eta horrek dakarren arriskuaren eraginpean egoteak, ehizari datxezkion beste arrisku batzuez gain, “haurren eta nerabeen osotasun fisiko eta psikologikoa larriki konprometitzen duela, hainbat azterlanetan dokumentatu den bezala”. Jon Hernandezen ustez, “zentzugabekeria da, batetik, haurrak eta nerabeak babesteko araudiak arrisku-egoeretatik babestea adingabeak, eta, bestetik, Gobernua sostengatzen duten alderdiek armak erabiltzea eskatzen duen eta berez bortitza den jarduera batean parte har dezaten sustatzea”.
Hernandezek kritikatu du, halaber, EAJk eta PSEk lege-proposamenaren formula erabili izana Jaurlaritzaren lege-proiektu baten ordez nahitaezko txostenak saihesteko, eta ez horrekin pozik, lege horren presazko bidea sustatu izana, ohiko prozedurari jarraitu beharrean, eztabaida handiagoa eta akordioak lortzeko aukera handiagoa ematen baitu.
Ildo horretan, Hernandezek adierazi duenez, “badirudi azkar inposatu nahi dutela, proposamen honen atzean dauden sektoreei gustua emateko. Proposamen hori adingabeak sartzea legitimatzeko diseinatuta dago, horrek dakartzan ondorioak esplizituki onartu gabe. Gero auzolagun, elkarlaneko gobernantza eta gainerako propaganda parte-hartzaileaz hitz egingo digute”.
Sumar taldearen iritziz, ehizan txandatzearen arazoa ez da konpontzen, EAJren eta PSEren lege-proposamenak nahi duen bezala, ehiztariei oro har laguntzaileek jasan ditzaketen kalteen erantzukizuna egoztearekin. Ildo horretan, argudiatu duenez, “Haurraren Eskubideen Batzordeak eta gure ordenamendu juridikoan xedatutakoak ezartzen dute adingabearen interes gorena beste edozeinen gainetik dagoela, eta zioen azalpenean aipatutako helburuetako batek ere ezin duela justifikatu haurren eta nerabeen segurtasuna eta osotasuna arriskuan jartzea edo kaltetzea”.
Bere proposamenen artean, Sumarrek esplizituki aipatzen du adingabeek ezingo dutela ez laguntzailerik ez ikuslerik izan, ezta ehiza-ekintzan inola ere parte hartu ere, “proposatzen diguten aldaketa kontraesanean baitago haurrak eta nerabeak babesteko indarreko legedi autonomiko eta estatalarekin, bai eta hezkuntzari buruzko araudiarekin ere”, berretsi du Hernandezek.
Sumarrek planteatzen du, halaber, ehiza-baimena lortzeko eta laguntzaile gisa parte hartzeko beharrezkoa izango dela 18 urte beteta izatea.