Sumar koalizioak euskararen aldeko adostasun berri baterako eztabaida zabal eta anitzaren atea ireki du

“Ezin da abertzale eta ez-abertzaleen arteko eztabaida bihurtu, ez euskaldunen eta ez-euskaldunen artekoa, ez blokeen artekoa. Eztabaida horrek euskal gizartearen aniztasuna jaso behar du. Ez dira eskubideak hierarkizatu behar, pertsona guztien eskubide guztiak baldintza berdinetan bermatu baizik ”, adierazi du Jon Hernandezek.
Eusko Legebiltzarreko Sumar talde parlamentarioa abstenitu egin da EAJk hizkuntza-eskakizunei buruz aurkeztutako lege-proposamenaren bozketan. Sumarrek bat egiten du euskara indartzeko eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko arauak eguneratzeko beharrarekin, baina uste du EAJren proposamenak “pertsona guztien eskubideak baldintza berdinetan bermatu beharko lituzkeela, inolako hierarkiarik sortu gabe; kontua ez baita nola, baizik eta zer”.
Sumarren abstentzioak jarrera kritiko bati erantzuten dio, baina eztabaidatzeko borondatearekin. “Ados gaude euskararen hedapena hobetzeko eta euskal herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko arauak eguneratzearekin, baina uste dugu proposatzen dutena ez dela metodo egokia, zalantzak sortzen ditu eta ez da eraginkorra. Horregatik, abstentzioaren alde egin dugu, Ganbera honetan eztabaida eraikitzailea bultzatzeko eta Legebiltzarreko izapidean testua hobetzeko”, azaldu du Jon Hernandezek.
Sumarren ustez, euskarak kohesio, inklusio eta justizia sozialeko hizkuntza gisa egin behar du aurrera, pertsona guztiek beren hizkuntza-eskubideak baldintza berdinetan baliatu ahal izatea bermatuko duen proiektu partekatu gisa. Taldearen iritziz, euskararen aurrerapena sendoa izango da baldin eta gizartea integratzeko eta bat egiteko elementu gisa ulertzen bada, oztopoak kenduz eta herritarrengan konfiantza sortuz.
Legebiltzarreko eztabaidan, Hernandezek ohartarazi du nahitaez bete beharreko indizeak erakunde bakoitzaren diskrezionalitatearekin ordezkatzeak segurtasun juridikorik eza eragin dezakeela. “Legeak nahikoa argiak ez badira, ziurgabetasun eta auzi gehiago sor daitezke. Horregatik uste dugu beharrezkoa dela arauak indartzea, bai erakundeei bai langileei konfiantza emateko”, defendatu du.
Sumarreko bozeramaileak azpimarratu du eztabaida zabala eta plurala izan behar dela. “Ezin da abertzale eta ez abertzaleen arteko eztabaida bihurtu, ez euskaldun eta erdaldunen artekoa, ezta blokeen artekoa ere. Eztabaida horrek euskal gizartearen aniztasuna islatu behar du. Ez dira eskubideak hierarkizatu behar, pertsona guztien eskubideak bermatu behar dira, baldintza berdinetan”, adierazi du.
Hernandezek dei egin dio EAJri 80ko hamarkadan hizkuntza-eskakizunen inguruan lortutako adostasunaren espiritua berreskuratzeko. “Gonbidatu ditzagun adostasun hura ganbera honetan lortu zuten legebiltzarkideak. Egin dezagun haien testigantza jasotzeko keinua, haiengandik ikasi baikenuen euskararen aurrerapenak akordio plural eta partekatuetan oinarritu behar direla”, adierazi du.
Azkenik, Sumarreko bozeramaileak taldearen jarrera berretsi du: “Gaur ez dugu proposamena babestu eta abstenitu egin gara eztabaida irekitzeko eta zubiak eraikitzeko. Baina azken emaitza aldebakarreko testua bada, adostasunik eta hobekuntzarik gabea, gure taldeak ez du babestuko. Erronka da funtsezko aurrerapenak ahalbidetu zituen akordio plural hura berriz ere berreskuratzea eta eguneratzea, euskarak euskal herritar guztientzat proiektu partekatua, bidezkoa eta integratzailea izaten jarrai dezan”.