Ezkerreko udal taldeak Bilboko Udal Bulegoa indartzeko ekimen bat erregistratu du, hipoteka-gastuen erreklamazioaren gaian egiten ari den informazio-lanetatik haratago doan laguntza- eta aholkularitza-zerbitzu batekin.
Elkarrekin Bilbao udal-taldeko Ezker Anitza-IUko zinegotziak ekimen bat erregistratu du, Udalaren mendeko Kontsumitzaileen Udal Bulegoak (KIUB) laguntza eta aholkularitza zerbitzu bat izan dezan, herritarrei laguntzeko finantza-erakundeek bidegabeki kobratutako hipoteka-gastuak erreklamatzen.
Orain arte, KIUBak, bere gaitasunaren neurrian, prozesuari buruzko informazioa eskaini du, eta kaltetuak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteetarabideratu ditu, bidezko erreklamazioak izapidetu ahal izateko. Hala ere, Ezker Anitza-IUko Elkarrekin Bilbao taldeko zinegotzi Xabier Jimenezen iritziz, “erreklamazio horien garrantzia eta sakonera kontuan hartuta, uste dugu beharrezkoa dela informazio-lan hutsetik harago joatea eta KIUBek aholkularitza- eta laguntza-zerbitzu bat eskaintzea finantza-erakundeek bidegabeki kobratutako hipoteka-gastuen erreklamazioak egiteko, beste udalerri batzuk egiten ari diren bezala”.
Horrela, Xabier Jiménezek ezagutzera emandako proposamenak “KIUBa hipoteka-zuzenbidean espezializatutako langileekin indartzea planteatzen du, eragindako pertsonei erreklamazioak egiten eta aurkezteko prozesuan laguntzeko”. Erregistratutako ekimenak, halaber, Bilboko Udalari eskatzen dio informazio-kanpaina bat egin dezala, KIUBen bidez, “Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak apirilaren 25ean eman berri duen epaitik eratorritako eskubideei buruz. Epai horrek ezetsi egin zituen finantza-erakundeen argudioak, eta luzatu egin zuen 2016a baino lehen hipoteka bat sinatu zuten pertsonei bidegabe kobratutako hipoteka-gastuak erreklamatzeko epea. Horrek atea zabalik mantentzen du milaka pertsonak, horien artean bilbotar asko, erreklamazioa burutzeko, izan ere gastu batzuk ordaintzera behartuak izan baitziren beraiei ez zegozkion hipoteka-maileguak eratzerakoan”.