Arantza Gonzalez Garciak Zardoyako pabiloietan gaua igarotzen duten 200 pertsonentzako bizileku-aukera bat eskatu dio Donostiako alkateari

Donostia, 2026ko urtarrilaren 8a. Ezker Anitza-IUk Donostiako Udalean duen bozeramaileak, Elkarrekin Donostia taldearen barruan, Jon Insausti alkatearen agerraldia eskatu du, Herrera auzoan “giza duintasunarentzat onartezinak diren baldintzetan bizi eta lo egiten duten” etxerik gabeko 200 pertsonei bizitoki alternatibo bat emateko hartuko dituen neurrien inguruko azalpenak eman ditzan.
Ezker Anitza-IUko bozeramaileak agerraldi eskaera egin du, Zardoyako pabilioiak eraisteko Udalak egin behar dituen tramiteak arinduko dituela jakin ostean. “Alkateak berehala lotu du eraispen hau segurtasun falta arazoekin, segurtasun falta hori immigrazioarekin lotuz eta hau guztiz onartezina da. Badalonako alkateak egin duen gauza bera egiten ari da”, adierazi du.
Arantza Gonzalez Garciak adierazi duenez, Udal Gobernuak ez du oraindik azaldu pertsona horientzako zein alternatiba bilatzen ari diren, “baina alkateak presaka eskatu du bilera bat Segurtasun sailburuarekin, immigrazioaren eta segurtasun ezaren arteko lotura hori azpimarratuz”. Hori dela eta, Gonzalez Garciak agerraldia eskatu du Pertsonentzako Zerbitzuen Batzordean. “Garrantzitsua da egon daitezkeen alternatibei buruzko informazioa ematea,
pertsona horiek ez daitezen behartuta egon Donostiako kaleetan barrena ibiltzera negu betean, inolako bizileku-alternatibarik gabe”, errepikatu du.
Ezker Anitza-IUko bozeramaileak adierazi duenez, Donostian 400 pertsona baino gehiago daude dagoeneko etxerik gabe, eta desalojo berri honek “600 pertsona baino gehiago utz ditzake gaua kanpoan igarotzen”.



