Ezker Anitza-IU Sopelak udal aurrekontuaren prestaketan parte hartu du, non inbertsioa eta proiektu estrategikoak nabarmentzen diren

Eder Garciak, Sopelako Udaleko gure zinegotzi eta Toki Garapeneko ordezkariak, osoko bilkuran onartutako 2026rako Udal Aurrekontua prestatzen parte hartu du. Aurrekontu horretan, udalerria bultzatzeko inbertsioa eta proiektu estrategikoak dira nagusi.
Legealdi hasieran abiatutako proiektuei eta Legealdi Planean finkatutako lan ildoei jarraipena eman die Sopelako Udalak 2025ean, eta norabide berean jarraitzea da 2026ko asmoa. 2025ean, udal funtzionamenduan jarri du arreta udal gobernuak: herritarren parte hartzea udal politiketan; zeharkakotasuna, koordinazioa eta komunikazioa udaleko departamendu desberdinen artean; proiektuen plangintza eta kontrola; kontratazio prozesuaren planifikazioa eta kontrola. Horren erakusle dira EHUko Parte Hartuz ikerketa taldearekin batera garatutako Gobernantza Parte hartzailearen Plana eta EUSKALIT erakundearekin Kudeaketa Aurreratuaren Ereduaren inguruan jasotako prestakuntza saioak, besteak beste.
Legealdi Plana betetzearen norabide horretan, 2026an, bost lan ildo nagusi, hiru proiektu estrategiko eta sei alorretan banatutako inbertsioak finkatzen dira Sopelako Udalaren aurrekontu proiektuan.
Aurrekontu proiektuaren ildo nagusiak eta proiektu estrategikoak
Udalak inbertsio eta mantentze lanetara bideratutako partidak handitu ditu 2026an, udalaren ardura baita udalerriko azpiegituren egoera ona bermatzea eta beharrezko hobekuntzei ekitea. Inbertsio horiek ikastetxeetan, kirol-instalazioetan eta kale eta parkeetako hainbat azpiegituratan egingo dira. Guztira, 1.426.420 €-ra iritsiko dira:
– Inbertsioak ikastetxeetan: ekipamendu inklusiboa jartzea Zipiriñeko patioan eta berdegunea egokitzea (100.000 €), Euskaltegiko eta Musika Eskolako fatxadak hobetzea (26.500 €) eta Haurreskolan inbertsioak egitea (20.000 €). Guztira, 146.500 €erabiliko dira.
– Kirol-instalazioetako inbertsioak: zenbait azterlanek (kirolaren plan estrategikoa, instalazioen egoeraren auditoria teknikoa eta zerbitzu eta instalazio berrien bideragarritasun plana) gabezia tekniko handiak erakutsi dituzte Abadesoloko egungo instalazioetan, behar den mantentze-lanik gabeko urteak direla eta. 2026an 120.000 €inbertituko dira baldintzak hobetzeko.
– Kaleak urbanizatzea eta asfaltatzea: legegintzaldi honetan bi jarduketa onartu dira eremu horretan. 2026rako hirugarren esku-hartze bat proposatzen da, 242.000 €-koa, udalerriko kaleak urtero mantenduko direla bermatzeko.
– Akilino Arriola eta Iberre kaleen arteko biribilgunea: Sopelako Mugikortasun Iraunkorreko Planaren esparruan, biribilgune bat jartzea aurreikusten da anbulatorioaren inguruan (250.000 €), trafikoaren fluxua errazteko eta abiadura murrizteko, oinezkoen segurtasuna eta erosotasuna hobetuz. Datozen urteetan beste bi biribilgune planteatzen dira: Loroño eta Sipiri artekoa, eta Sertutxa eta Sabino Arana artekoa.
– Sertutxa eta Zubigane kaleetan hobekuntzak: Udalak bi kaleetako saneamendua berrituko du eta Sopelako metrorako sarbidea hobetzeko aprobetxatuko du (583.220 €).
– Hobekuntzak Iturrietako parkean: 2024/2025eko aurrekontu parte hartzaileen prozesuak Iturrietako parkean hobekuntzak egitea erabaki zuen, gazteen beharretara egokitzeko (kalistenia parkea handitzea, ping-pong mahaiak…). Ildo horretan, 84.700 €gehiago inbertituko dira.
Laburbilduz, Sopelako Udalak 20.283.883,91 €-ko gastua aurreikusten du 2026rako aurrekontu proiektuan, 2025eko aurrekontua (18.453.088,64 €) baino 1.830.795,27 €handiagoa, batez ere Udalkutxaren 2026rako aurreikuspena handitu delako.



