Pradales eta Zupiria jaunen zortea

Bilbotik igaro zen Itzuliaren 11.etapan izandako gertaerak era askotara izendatu dira, izendatu dituenaren pribilegio edo ausardiaren arabera. Batzuek eskandalu gisa hartu zituzten; beste batzuek, errespetu faltatzat. Baina izua eguneroko bihurtzen denean beste alde batera begiratzen ez dugunontzat, atzokoak, elkartasun ekintza hunkigarriak izan ziren. Euskal Herriaren bihotzetik, Gazako hondakinetaraino iritsi zen garrasi ito bat.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu den Bingen Zupiriak, protestak “lotsagarritzat” jo zituen, eta segurtasunaren eta bizikidetzaren aurka zihoazela adierazi zuen. Lehendakariarentzat, “eraikitzen ez duen ikuskizun bat” izan zen. Zupiria jauna, Pradales jauna, lotsagarria ez da sarraskiaren aurrean ahotsa altxatzen dutenen jarrera, lotsagarria, erakundeen pasibotasuna, isiltasun konplizea eta irudiarekiko obsesioa da, Palestinar haurrak egunez egun, orduz ordu, hondakinen azpian hiltzen diren bitartean.
Nazioarteko politiketan eragiteko boterea dutenek ezer egiten ez dutenean, eta ardura oro saihesten dutenean ‘kirola, kultura edo ekonomia politizatu nahi ez dutelako’, herriak bere gain hartzen du zama etiko hori. Eta duintasunez egiten du, gure ordezkari askori falta zaien duintasun horrekin. Horregatik, Bilbon eta Bizkaian bizi izan ziren protestak ez dira anekdota bat izan, ezta eragozpen hutsa ere; erresistentziazko, kontzientziazko eta gizatasunezko keinu historikoa izan dira.
Zortea dute Zupiria eta Pradales jaunek. Zortea dute ez direlako Segurtasun sailburu ezta Lehendakari izan 36-37ko Euskal Herri errepublikanoan, hegazkin faxistek gure hiri eta herriek errauts bihurtzen zituztenean, eta herriak izuari aurre egiteko antolatzen zebilenean. Gaur, beste faxista batzuk —beste bandera batzuekin, baina ideologia berarekin— Gaza bonbardatzen ari dira, Zisjordania setiatzen, eta Palestina gabeko maparekin amesten. Eta hori egiten duten bitartean, Hemen, gutxi batzuk, kirol, enpresa edo kultur ekitaldiekin zuritzen ari dira haien irudia, munduaren aurrean aurpegi atseginagoa agertzeko. Hainbeste aldiz beste alde batera begiratu duen mundu hori, baita gure erakundeetatik ere.
Benetan sinesten duzue Israelgo konplizitatearen aurka kalera irten ginenok ez dakigula zer dagoen jokoan? Benetan uste al duzue Bilbon bizi izandakoa bizikidetzarako mehatxu bat izan zela, eta ez justiziaz, memoriaz eta balioz betetako bizikidetzaren adierazgarri?.
Zupiria jauna, Pradales jauna, elkartasun keinu horiek adierazpen politiko handi bat izan ziren, bai, baina baita adierazpen etiko bat ere. Gizatasunaren erakustaldi bat izan zen, harro sentiarazi beharko gintuzkeena. Zuek zortea handia duzue, beti historiaren alde
egokian egoten jakin izan duen herri baten ordezkari zaretelako. Ez ezazue herria traizionatu.
Batu zaitezte gurekin, benetan uste baduzue herri palestinarrak genozidioa jasaten duela, ardura horretara. Eta ez baduzue egingo, gutxienez ez oztopatu. Gure ordezkari politikoek beren zereginak betetzen ez badituzte, norbaitek hartu beharko du ardura hori bere gain. Eta Euskal Herriak, beste behin, prest dagoela erakutsi du. Sionismoaren apartheid politikei ezetz esateko prest gaude.
Alba Gutierrez Gomez, Ezker Anitza-IU-ko arlo internazionaleko arduraduna