Sumar koalizioak abortatzeko eskubidea Eusko Jaurlaritzaren agendan kokatzea lortu du, eta 2026tik aurrera Osakidetzan txertatuko dela iragarri du Gobernuak

Alderdiak, gainera, PNL bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, zerbitzuaren erabateko publifikazioarekiko konpromisoa sendotzeko
Sumar koalizioak uste du Eusko Jaurlaritzak gaur egindako iragarpena —euskal osasun publikoak abortu guztiak progresiboki bere gain hartuko dituela 2026tik aurrera— bere legebiltzar-taldeak egindako presio politiko eta sozialari erantzuten diola. Alderdiaren iritziz, konpromiso hori ez da Jaurlaritzaren ekimen espontaneo baten emaitza, baizik eta Sumarrek 2024tik aurrera Legebiltzarrean egindako lan jarraituaren ondorio zuzena, abortatzeko eskubidea Euskadiko eztabaida politikoaren erdigunean kokatu baitu.
Iragarpena Jon Hernández Sumarreko legebiltzarkideak eta Eusko Jaurlaritzak gaur Legebiltzarrean izandako kontrol-saioaren eztabaidaren ondoren egin da. Bere hitzaldian, Hernándezek salatu zuen Gobernuak abortatzeko eskubidea pribatizatuta duela, “haurdunaldiaren borondatezko etete gehienak oraindik klinika pribatuetara bideratzen direlako”. Horregatik, eskatu zuen Osakidetzak bere gain hartu behar duela prestazio hori osasun publikoaren barruan, “legeak ezartzen duen bezala eta emakumeek beraiek eskatzen duten bezala”.
Eztabaidaren ostean, Sumarrek legez besteko proposamen berri bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, abortu guztiak osasun publikoan egin daitezen eskatzeko eta zerbitzuaren erabateko publifikazioa lortzeko konpromisoa sendotzeko. Alderdiaren arabera, proposamen hau azken urtean egindako lan politikoaren jarraipena da eta Eusko Jaurlaritzari benetako neurriak hartzera behartzeko helburua du.
Sumarrek gogorarazi du 2024ko uztailaren 23an aurkeztu zuela lehen PNL bat, urte bereko urriaren 31n eztabaidatua, non Eusko Jaurlaritzari eskatu baitzion abortua osasun-zerbitzu publikoetan benetan eskuragarri egitea, kanporatzeak desegin eta informazio eta laguntza sanitarioa indartzea. Ekimen hura Gobernuko alderdien botoekin atzera bota zuten, nahiz eta ordurako ohartarazita zegoen abortuen %95 baino gehiago sare publikotik kanpo egiten zirela.
Halaber, Sumarrek presio parlamentarioa mantendu du 2024an zehar, galderen, informazio-eskaeren eta emaginekin zein osasun-profesionalekin egindako bileren bidez. Horien artean, azpimarratzekoa da 2024ko uztailaren 9an aurkeztutako informazio-eskaera, non abortuen kopuru zehatzak eskatu baitziren sare publikoan eta itunpekoan egindakoei buruz.“Emakumeek zentro publiko batean abortatzeko aukera izan behar dute, berme guztiekin”, azpimarratu du Hernándezek. “Eusko Jaurlaritzak ezin du Madrilera begira jarraitu, Euskadin oinarrizko eskubideak kanporatuta dituen bitartean. Garaia da euskal osasun publikoak eskubide hori bere gain har dezan”.
Gaurko eztabaidan, Hernándezek lan-ibilbide hori gogorarazi du eta Gobernuari aurpegiratu dio Osasun Ministerioaren atzean ezkutatzea, bere eskumenak Euskadin bereganatu beharrean.“Abortatzeko eskubidea osasun publikoan bermatu behar da. Positiboa da Jaurlaritza mugitzen hastea, baina urteetako geldialdiaren ondoren dator, eta egin dugun presioari esker”, adierazi du.
Azkenik, Sumarrek adierazi du arreta jarriko duela Jaurlaritzak egindako iragarpena benetan betetzen den, eta azpimarratu du helburua zerbitzuaren erabateko publifikazioa dela, “abortua kanporatutako eskubidea izateari uzteko eta osasun publikoaren barruan erabat bermatzeko”.