Eusko Jaurlaritzak Attenti Electronic Monitoring enpresa israeldarrarekin duen kontratua berritzea zalantzan jarri du Sumar koalizioak

Sumar koaliziozko legebiltzarkide Jon Hernandezek hainbat galdera erregistratu dizkio Eusko Jaurlaritzari, eta galdetu dio ea Gobernuak zerbait egin duen edo egingo duen etorkizun hurbilean, enpresa hori edo Israelgo beste enpresa batzuk Euskadin kontratu publikoen esleipendun izan ez daitezen.
Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak berriki berritu du kontratu bat Attenti Electronic Monitoring enpresa israeldarrarekin, Euskadin erdi-askatasunean dauden presoen kontrol telematikoa egiteko. Bien bitartean, Israelek areagotu egin du Gazan egiten ari den sarraskia. Kontratu honen bidez, 780.000 euro bideratuko dira baliabide publikoetatik Tel Aviven egoitza duen enpresa horretara, 2026ko abuztura arte.
Israelek Gazako Zerrendan eta Palestina osoan egiten dituen sarraski izugarriak ikusita, euskal gizartea etengabe mobilizatzen ari da, eta gure erakundeei irmotasunez jarduteko eskatzen die: Israeli salaketa, presio eta boikot egiteko modu guztiak erabil ditzatela. Sumar koalizioaren iritziz, horrek Eusko Jaurlaritza behartzen du Israelekin harreman politiko, kultural edo ekonomiko oro saihestera.
Eusko Legebiltzarrak berak ere onartu zuen ekainean legez besteko proposamen bat, gure legebiltzar-taldearen ekimenez. Proposamen horretan, besteak beste, gertakarien larritasunaren aurrean jarduteko eskatzen zitzaien erakunde guztiei.
Arrazoi horiengatik, Jon Hernandez legebiltzarkideak hainbat galdera erregistratu dizkio Eusko Jaurlaritzari, galdetzeko ea neurriak hartu diren edo hartuko diren Israelgo enpresa hori edo antzekoak kontratu publikoen esleipendun ez daitezen izan Euskadin.
Sumarren ustez, beharrezkoa da Israelgo enpresekin mota guztietako harremanak etetea, bai eta Israelgo taldeek parte hartzen duten kirol- edo kultura-ekitaldiak debekatzea ere, Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko eta gaitzesteko beharrezko neurri gisa. Horregatik, Sailari eskatzen diogu saihestu dezala Israelgo enpresa honekin edo beste edozeinekin kontratazio publikoa mantentzea.