Krisiak gogor kolpatu ditu langile-familiak, eta langabezia, prekarietatea edota pobrezia ekarri dizkigu. Are okerrago, horiek guztiak batera ekarri dizkigu. Euskadiko biztanleen % 17,6 prekarietate ekonomikoan eta 100.000 herritar baino gehiago muturreko pobrezian dauden honetan, ezin daiteke zalantzarik egin; gizarte-larrialdiko egoeran gaude.
Kapitalismoaren eta bere krisialdien biktimak antolatu egin behar dugu eta batera egin behar dugu lan alternatiba sozial eta politikoa eraikitzeko. Giza eskubideak bermatuko dituen Euskadi berria eraikitzeko. Euskadi berri horretan ez zaizkio inori faltako bizitza duina izateko behar diren oinarrizko baliabide eta zerbitzuak: lana, etxebizitza, energia, osasuna, hezkuntza. Horretarako, arlo publikoa irmo defendatzen dugu, guztiona da eta. Egungo gabetasunetako askori konponbidea eman diezaiekegu aberastasuna bestela banatuta, justizia sozialean oinarrituta eta ekonomia egoki kudeatuta. Horiek dira gure helburuak une historiko honetan.
Horrenbestez, sistema politiko eta ekonomiko berri bat eraikitzeko deia egiten dugu; abian jarri behar da prozesu eratzaile bat, balio federalistetan eta errepublikazaleetan oinarritua, alderdiek beren borondatez parte hartuta eta erabakitzeko eskubidea aitortuta. Erakunde ekonomiko eta politiko berriak behar ditugu, eta horiek klase herritarrak eta langileek osatutako gehiengo soziala babestu behar dute, ustelkeria-jokabideak, edonorenak, gogor zigortuz eta gure eskubideak eta askatasunak defendatuz botere-gehiegikerien aurrean. Oinarritik eraikitako Euskadi baten alde egiten dugu apustu, bizitza ateratzeko geure lan- indarra eskaini behar dugun pertsonon alde, aurrean dauzkagun erronkei taldean baizik ezin baitiegu aurre egin.
Ez dugu azaleko erreformarik nahi, ezta itxurazko aldaketarik ere; gizakien eta planetaren esplotazioa noranahi hedatzen duen sistema errotzeko baizik ez dute balio. Ez dugu itxura batean aldaketak proposatzen dituzten itun horietakorik nahi, lehengo bera baizik ez dakarte eta; alegia, murrizketak osasunean, hezkuntzan eta gure soldatetan. Ez dugu sistema berrezarri nahi, sistema berri bat ezarri baizik.
Ondo dakigu jende gehiago batu behar dugula, krisia jasaten ari garenok kontzientzia hartu behar dugula; bada beste bide bat, bizitzeko bestelako aukera bat. Hori dela eta, piztutako gatazka sozialetan jarduteko deia egiten dugu, horietan geratzen direlako agerian sistemaren kontraesanak, baina baita horiei eman dakizkiekeen konponbideak ere. Gure jendearen alboan egon nahi dugu, gure klasearekin, horrek egiten baitu borroka kaleratze kolektiboen, etxegabetzeen, genero-indarkeriaren, ingurumenaren suntsipenaren edota pobreziaren hedapenaren kontra. Lurralde guztietara hedatu behar gara, auzo guztietara, eta alternatiba sozial zein politikoa xede duen jendea batu. Eta ezin ditugu ahaztu bertan etorkizunik eskaintzen ez zaielako atzerriratu behar izan diren milaka pertsonak, gazteak batik bat.
Gizarte-ehuna josten lagunduko duen erakundea izango gara, berez bizitza politikoa eta soziala ulertzeko modu berri bat izango dena; elkartasuneko erakundea, lankidetza-sareetara emana eta konprometitua. Ez gara izango soilik hauteskunde-esparrura begira egongo den erakundea; izan ere, gure iritzian,
hauteskundeetako emaitzak batez ere praktika politikoaren bitartez kontzientziatzearen adierazpidea dira. Izango garen erakundea, bere jardunbideak eta metodoak kontuan hartuta, eraiki nahi dugun Euskadiren isla izango da: laikoa, feminista, plurala eta demokratikoa. Euskadi hori bakean biziko da, eta bakearen alde.
Ondo dakigu ezin lortu ahal izango ditugula gure helburuak bakarka arituta. Horregatik, gizarte-eraldaketaren eta giza eskubideen defentsaren aldeko konpromisoa duten pertsona eta erakunde guztiekin batera jardun nahi dugu. Beraz, historiaren hari gorriari tira egiten jarraitu nahi duten horiekin arituko gara, hari gorri horren bitartez lortu baititugu hainbat eskubide sozial eta politiko eskuratzea. Euskadik aukera bat behar du, eta elkarrekin lan eginez baizik ezingo dugu aukera hori baliatu, indarrak eta energiak batuta, hala hemen, Euskadin, nola gure mugez kanpo.
Alabaina, bateratzea ez da hauteskundeei begirakoa soilik. Kontrara, hauteskundeak egindako guztiaren azkenburuko adierazpidea dira. Izan ere, horietara iritsi aurretik, elkarrekin egingo dugu lan eta borroka kalean; hau da, manifestazioetan, elkarretaratzeetan eta grebetan, kausa zehatzetan lortzen ditugulako garaipenak eta gure jendearen bizitza hobetzea.
Hala bada, dei egiten diegu Euskadi justu, sozial, feminista, ekologista eta giza eskubideak betearaziko dituen baten alde konprometitutako pertsona guztiei. Klase herritarrentzako eta langile-klasearentzako herrialdea eraikiko dugu Euskadin. Bizitzaren alde egiten dugu borroka, horregatik egin behar dugu lan mugimendu politiko eta sozial berri baten eraketan; gizarte-larrialdiko egoerari aterabidea eman eta gizarte berri baten oinarriak ezartzea da xedea. Batzuk sozialismoa esaten diogu horri.
Euskadi aldatzera goaz, logika demokratikoan oinarrituta, eta diren bezalakoak izan daitezkeela badakiten horiekin eskuz esku egingo dugu lan. Badakigu zer- nola azkendu austeritate-politikak, eta hori dugu asmo, Euskadik garapen justu, jasangarri eta solidarioaren bideari hel diezaion. Baiki, hori da askatasunera daraman bidea.