Ezker Anitza-IUk Pasaia eta bere herritarrak zaintzeko konpromisoa duen hautagaitza aurkeztu du

Arantza Gonzalez, Ezker Anitza-IUko Gipuzkoako koordinatzaileak, bere alderdiak Pasaiako udal hauteskundeetarako aurkeztu duen hautagaitzaren aurkezpenean parte hartu du

 

Pasaia, 2023ko maiatzaren 7a

Gonzalezek aurkezpen ekitaldia hasi du udal hauteskundeen garrantzia azpimarratuz. Izan ere, udalek “ezinbesteko zerbitzuak eskaintzen dituzte pertsonen bizitzarako”, besteak beste: etxez etxeko laguntza zerbitzua; eguneko zentroak; 0 eta 3 urte bitarteko haur eskolak; haurtxoko eta gaztelekuak; jubilatuen etxeak edo kale, parke edo lorategien mantentze-lanak.

Gainera, alderdi ezkertiarraren buruaren arabera, udaletako ordezkariek lan egin behar dute “herritarrei etxebizitza eta enplegua bermatzeko”, horiek gabe ezinezkoa delako bizimodu duina izatea.

Halaber, Gonzalezek azpimarratu du garrantzitsua dela herritarrek benetan eta eraginkortasunez parte hartzea berari eragiten dioten gaietan, bai eta erabakiak gardentasunez hartzea ere, politika guztiongana hurbiltzeko modu gisa.

Era berean, Ezker Anitza-IUko Gipuzkoako koordinatzaileak jakinarazi du bere alderdia bakarrik aurkeztuko dela Pasaiako udal hauteskundeetara.

Bestalde, Ana Alfageme zerrendaburuak adierazi du “ohore eta ardura handia dela” alderdiaren hautagaitzaren buru izatea, eta espero du emaitza onak izango dituela, talde ona duelako horretarako.

Taldeari dagokionez, Alfagemek nabarmendu du Ezker Anitza-IU hautagaitzan parte hartzen dutenok “ondo ezagutzen dugula gure herriaren errealitatea, eta, beraz, hori hobetzen lagun dezakegula, gainerako herritarrekin batera”.

Ildo horretan, bere hautagaitza hainbat arlotan esperientzia duten pertsonek osatzen dutela adierazi du zerrendaburuak, hala nola: Rakel Cabanillas, CCOO sindikatuko ordezkaria; Nacho Madorrán, hirigintzan eta arkitekturan ospe handia duen profesional autonomoa; Charo Rodríguez, udalerriko kultur bizitzarekin konprometituta dagoen feminista; Josetxo Maneiro eta Kaiet López de Etxezarreta, kirola sustatzearen eta ingurumena zaintzearen alde lan egiten dutenak.

Era berean, hautagaitzak pasaitarren zerbitzura egindako lanaren esperientzia izango du, Xabier Pombo, lehen udalerriko formakuntza zinegotzia zena. Hautagaitza osatzeko, berdintasunaren, askatasunaren eta justizia sozialaren balio errepublikanoekin konprometitutako pertsonak daude.

Alfagemek ere politikaren garrantzia azpimarratu du, interesatzen ez zaiela diotenen aurrean “politika delako soldata duinak, osasuna, guztion hezkuntza izatea, edo gure seme-alabak langile behartsuak ez izatea”. Horregatik, lau urtean behin botoa ematea ez ezik, bizitza publikoan aktiboki parte hartzea ere garrantzitsua da, baldintzatzen duen guztia “gure bizkar erabaki ez dadin”, gaineratu du.

Halaber, Pasaiako Ezker Anitza-IUko zerrendaburuak nabarmendu duenez, “pasaitarren hautagaitza bat gara, bizitza handiko herri bateko kide izateagatik harro gaudenak, feminismoan, kulturan, aisialdian edo kirolean lan handia egiten duen elkarte-sarea daukagulako, eta arlo horiek guztiak zaindu eta indartu behar ditugu”.

Azkenik, Alfagemek adierazi du “legealdiko lehen egunetik azken egunera arte zintzotasunez lan egiteko konpromisoa hartzen dugula, baita herritarren eskura egotekoa ere, pasaitarren benetako interesak defendatuz eta Pasaiatik kanpo. inposatutako interesetatik urrunduz”.