Elkarrekin Podemos-IUk arreta ginekologikoa indartzea eskatu du, lehen mailako arretatik sarbidea hobetuz eta aldizkako azterketak ahalbidetuz

“Adituek gomendatzen dute lehen azterketa ginekologikoa egitea lehen hilerokotik. Hala ere, Osakidetzan hori ez da bermatzen, eta, horren ondorioz, emakume askok osasun pribatura jo behar izaten dute azterketa hori egin ahal izateko”

Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 18a

Elkarrekin Podemos-IUk legez besteko proposamen bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, Osasun Batzordean eztabaidatzeko. Proposamen horren bidez, ginekologia-arreta indartu nahi du, lehen mailako arretatik eta ginekologia-kontsultarako irisgarritasuna arintzeko eta hobetzeko neurriak hartuz, eta prebentzioa hobetzeko aldizkako berrikuspen-programa bat ezarriz.

“Aldian behin azterketa ginekologikoak egitea garrantzitsua da emakumeen ugaltze-aparatuaren balizko gaixotasunen edo alterazioen kontrola eta prebentzio egokia mantentzeko. Urteroko azterketa ginekologiko batek gaixotasunak goiz detektatzen eta tratatzen lagun diezaieke emakume askori”.

Premisa horretatik abiatuta, Jon Hernandez legebiltzarkideak azpimarratu du “arreta ginekologiko egokia jasotzeko ez da nahikoa hitzordua eskatzea sabeleko edo bularreko molestia bat dagoenean, pilula antikontzeptiboak hartzen hastean edo haurdun geratzean”. “Adituek gomendatzen dute lehen azterketa ginekologikoa lehen hilerokotik egitea, eta, batez ere, sexu-harremanak izaten hasten direnean. Izan ere, Osasunaren Mundu Erakundeak eta Espainiako Ginekologia eta Obstetrizia Elkarteak aldian-aldian ginekologia-azterketak egitea gomendatzen diete emakumeei. Hala ere, Osakidetzan ez da horrelako berrikuspenik bermatzen, eta, horren ondorioz, emakume askok osasun pribatura jo behar izaten dute azterketak egin ahal izateko”.

Osasun publikoa da osasun arreta eskuratzeko ekitatea eta unibertsaltasuna bermatzen duen bakarra. Horregatik, uste dugu Osakidetzan beharrezko neurriak jarri beharko liratekeela martxan emakumeek aldizkako azterketa ginekologikoak erraz egin ahal izateko”, ondoroztatu du Hernandezek.