Hezkuntza Akordioa hautsi izana leporatu dio Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari

Koalizioak adierazi du EAJk eta PSEk osatutako gobernuak PPri eta Ciudadanosi egindako eskaintza onartezina dela, hain zuzen bi urteko gelak hitzartzen direlako

“Desleialtasuna bikoitza da, formaren aldetik eta mamiaren aldetik. Sinatu ez duen alderdi bati itun bat eskaintzen zaio. Ituneko bazkideei bizkarra emanda egiten da. Eta adostutakoa aurrez aurre urratzen duen eduki batekin planteatzen da

Urak gainezka egiteko falta zen tanta da. Jarduera horrekin, Gobernuak hautsi egiten du Hezkuntza Ituna”

 

Gasteiz, 2022ko azaroaren 17a

Elkarrekin Podemos-IUren ustez, Eusko Jaurlaritzak atzo Partido Popular-Ciudadanos alderdiari bi urteko gelak hitzartzeko egin zion eskaintza “urak gainezka egiteko falta zen tanta izan da. Jarduera horrekin, eta azken hilabeteetan salatzen ari garen aurreko ez-betetzeekin batera, Eusko Jaurlaritzak hautsi egin du Hezkuntza Akordio Juridikoa”.

Ondorio hori atera du  koalizioak, eta azpimarratu du Hezkuntza Akordioan sartuta ez egoteaz gain, “guk inoiz onartuko ez genukeen elementua izan zela. Izan ere, negoziazioan zehar, elementu hori berariaz geratu zen akordiotik kanpo”, ekarri du gogora.

“Hitzarmenarekiko eta akordioa sinatzen dugunekiko desleialtasun onartezina da. Leialtasunik eza bikoitza da, bai formagatik, bai mamiagatik. Formari dagokionez, eskaintza hori akordiotik kanpo egiten da, atzeko atetik, eta, hain zuzen ere, PP-Ciudadanos eragile politikoari, hezkuntza-ituna sinatu ez duenari, zeinak, gainera, akordioa sostengatzen duten elementuen antipodetan baitago, eskola publikoari eta segregazioari dagokienez”.

Baina, batez ere, desleiala da neurriaren funtsagatik, edukiagatik. Proposamen hori eskola publikoaren kalterako da. 2 urteko gelak ituntzeak, praktikan, eskola pribatu-itunduaren perimetroa handitzea dakar. Hori, akordioan ez egoteaz gain, akordioaren kontra doa erabat”.

“Gu itunean sartu ginen, hain zuzen ere, hezkuntza publikoaren aldeko elementu horiek sartzeko. Perimetroa eta eskaintza publiko  behar adina zabaltzea. Bi urteko ikasgelak hitzartzeak ikasleak erakartzea dakar, eskola pribatuen eta itunpeko eskolen alde”, azpimarratu du koalizioak.

Gainera, koalizioak esan du “ez daudela jarraipen batzordea biltzeko baldintzak, Eusko Jaurlaritzak errektifikatu arte”.