Elkarrekin Podemos-IUk zuzenketa sorta bat aurkeztu du Mugikortasunaren Lege proiektu “zaharkitua” hobetzeko

Koalizioak 76 zuzenketa proposatu ditu mugikortasunaren beharra murrizteko, mugikortasun aktiboa sustatzeko, planteatutako azpiegiturak birbideratzeko eta garraio publikorako txartel bakarra sortzeko

 

Gasteiz, 2022ko urriaren 13a

Elkarrekin Podemos-IUk zuzenketa sorta bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen proiektua hobetzeko asmoz. Iñigo Martinezen iritziz, zuzenketa horiek dagoeneko zaharkituta daude, hasieratik. “Egungo proiektuak ez die erantzuten krisi klimatikoak planteatzen dizkigun erronkei; esate baterako, berotegi-efektuko gasak murrizteko beharrari, kontuan izanik Euskadin errepide-garraioak sortzen dituela gas horietako heren bat”, gogorarazi du koalizioko legebiltzarkideak.

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako proiektuak agerian uzten dituen gabeziak konpontzeko, lau dira Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztutako 76 zuzenketen artean nabarmentzen diren proposamenak:

Jaurlaritzaren ekintzatik murriztea euskal herritarren mugikortasun-beharra, zerbitzu publikoak (eskolak, osasun-zentroak) eta lantokiak hurbilduz, horiek baitira joan-etorri gehien eragiten dituztenak.

Euskal herritarren mugikortasun aktiboa sustatzea, bizikletaz edo oinez egiten diren joan-etorriak ahalbidetuz, eta garraioaren egungo hierarkia aldatzea, ibilgailu pribatuaren ordez garraio publikoa erabil dadila.

Ibilgailu pribatuentzako Lamiakoko ibai-azpiko tunela bezalako azpiegitura handietan aurreikusitako inbertsioa etetea, eta, horrela, ibilgailu pribatuaren erabilera ez sustatzea eta gutxiago kutsatzen duten alternatibak bultzatzea, hala nola trenbidea.

Txartel Bakarra sortzea, Euskal Autonomia Erkidego osoan garraio publikorako balio duen txartel bakarra, erabiltzaile bakoitzaren errenta irizpideei eta joanetorrien kopuruari egokitutako hileko tarifekin.