Koalizioak Udalak aurre egin beharreko erronka nagusiak azaldu ditu komunikabideekin egindako gosari informatibo batean
Bilbo, 2023ko irailaren 19a. Elkarrekin Bilbaok gosari informatiboa egin du gaur goizean komunikabideekin. Ana Viñals bozeramaileak eta Xabier Jiménez zinegotziak kurtso politiko berriaren gakoak azaldu dituzte. Koalizioak hainbat gogoeta egin ditu Udal Sail desberdinei buruz:
Kultura
Herritar partaidetza gehiago kudeaketan eta gardentasuna. “Bilbon eredu kultural bat garatzea, herritarrek zuzenean kudeatutako eta kudeatzaile publikoek gainbegiratutako baliabide publikoak banatzeko, suspertzeko eta demokratizatzeko”, zehaztu du Viñalsek. “Udalaren kultur kudeaketa gardenagoa ahalbidetuko luke eta, adibidez, azken aldiko egoerak ekidin litezke, hala nola irregulartasunengatik isuna jaso duen enpresa bat, De Miguel kasu famatu tristean inplikatua, kontratatzea”, adierazi du.
Agenda 2030
Udal taldearentzat, Garapen Jasangarrirako Helburuek jarraitu beharreko ibilbidea definitu beharko lukete. “Jasangarritasuna egiturazko elementu bat da, tokiko politika publiko guzti-guztietan egon behar duena”, adierazi du bozeramaileak.
Mugikortasuna eta Jasangarritasuna
Elkarrekin Bilbaoren ustez, iraunkortasun sailak ez du mugikortasunak adinako arretarik izan. “Horrek justifikatzen du udal sail batzuen arteko koordinazio falta, proiektu oso polemikoak garatuz”, azaldu du Viñalsek, eta Agirre Lehendakariaren etorbideko egungo zuhaizti mozketa jarri du adibide gisa.
Osasuna
“Azken urteotan egin dugun bezala, Bilboko gizartearen osasun mentala hobetzeko proiektuak eta programak proposatzen eta defendatzen jarraituko dugu. Ildo horretan, hurrengo osoko bilkuran, agintaldi honetan defendatuko dugun lehen proposamena mozio bat da, gure hiriko haur eta gazteek osasun mentaleko zainketak jaso ahal izatea helburu duena”, adierazi du bozeramaileak. “Azken tantaraino estutu nahi ditugu lan instituzionalaren arlo garrantzitsu honetan ditugun toki-eskumen mugatuak”, adierazi du.
Etxebizitza
Bi lehentasun ezarri dituzte: hiri-berroneratzea, alde batetik, eta alokairuko etxebizitza publikoak arrazoizko prezioetan “askoz gehiago” bultzatzea, bestetik. “Hurrengo udalbatzan, Herri Txandaren bidez, eta gizarte zibilaren eta, zehazki, Euskadiko Stop Kaleratzeak elkartearen lanari esker, tentsiopeko eremuen izendapenari buruz eztabaidatuko dugu. Estatu mailako Etxebizitza Legeak jadanik aipatzen duen gaia”, azaldu du Viñalsek.
Hezkuntza
Haurreskolen itxaron-zerrendekin kezkatuta agertu da bozeramailea: “Haurreskolen doakotasuna hain beharrezkoa zela iragarri zenetik, familien aldetik interes handia egon da, baina, inola ere ez da onargarria, ehun haur baino gehiago plazarik gabe egotea. Udal honek jardun egin behar du, eta dagoeneko idatzizko galderak aurkeztu ditugu”.
Berdintasuna
“Salatzen ari garen bezala, urtez urte eta Gobernu Taldeak hala erabakita, sail honetako aurrekontua murritzenetakoa izan da, guztizko zenbatekoaren % 0,3 baino ez”, adierazi du Viñalsek. “Ziur nago agintaldi honetan leku bera izaten jarraituko duela edo okerragoa izango duela, batez ere Berdintasun udal sailak bere independentzia eta autonomia galdu dituelako sail gisa, eta orain, udal gobernu honen erabakiz, politika publikoak (bizikidetza, lankidetza, immigrazioa eta berdintasuna) betetzen dituen udal sail batean sartu dutelako”.
Hiri plangintza
Sail hau errealitate berrira egokitu behar dela uste du Elkarrekin Bilbaok. “Ezin da Garapen Jasangarrirako Helburuak eta 2030 Agenda babestu gure hiri-plangintza XXI. mendeko beharretara egokitu gabe”, adierazi du bozeramaileak.
Segurtasuna
“Ituna ez da nahikoa. Alferrik da itun politiko bat izatea gure hiriak dituen segurtasun-erronkak konpontzen ez badira edo, gutxienez, hobetzen ez badira. Etorkizunari begira, aurreratu dezaket Elkarrekin Bilbaok Segurtasun Itun berri batekin bat egingo duela soilik baldin eta ziur bagaude horrekin herritarren segurtasuna hobetuko dela”, aurreratu du Viñalsek.
Pertsonen gizarte-babesa
2020tik 2022ra bitartean Bizkaiko kaleetan hil ziren 15 pertsonetatik 9 Bilbon hil zirela gogorarazi du Xabier Jimenezek. Horregatik, uste du erronketako bat Etxegabetasunaren aurkako Plana dela. Baita profil berriei erantzutea ere, hala nola, bizitza-proiektu autonomo baten bila dabiltzan gazte migratzaileei; AES-DSBE eredutik kanpo geratzen diren pertsonentzako Udal Prestazio Bereziak berrikustea; Gizarte Ekintza saila indartzea; eta etxebizitzaren erronkari aurre egitea.
Garapen ekonomikoa
Jimenezek adierazi du turismo-ereduari eta ekitaldi handiei buruz hausnartu behar dela. Enpleguaren kalitatea, etxebizitza turistikoak, tasak edo gida turistikoak bezalako gaiak mahai gainean jarri behar direla uste du. Erronka gisa, produkzio-sare egonkorra eta balio erantsi handiari lotua lortzea planteatzen da, baita dibertsifikazio ekonomikoa ere, “baina ez Bilbo-Bizkaia jarduera ekonomiko batzuetarako paradisu fiskal bihurtzearen kontura”, zehaztu du zinegotziak.
Gazteria eta Kirola
Elkarrekin Bilbaok gazteak ditu kezken artean, eta emantzipatzeko zailtasuna eta politiken zeharkakotasunik eza ditu hizpide. Kirola inklusiorako tresna bihurtzeko erronka planteatzen du taldeak. Era berean, Jimenez kezkatuta agertu da La Casillan martxan jarriko den kudeaketa eredu berriarekin, “Almeida eredua” jarraitzen ari dela adierazi du.
Zerbitzuak
Koalizioak “pribatizazio maila handia” eta “prekarizazioa” salatu ditu. Hainbat zerbitzu aipatu ditu, hala nola ura, hiri-zuhaiztia, hondakinen kudeaketa berria eta “zerbitzu publikoen pribatizazio maila handia”, hala nola argiteria edo garbiketa.
Jaiak
Auzoetako jaiei balioa eman behar zaiela adierazi du Jimenezek, eta finantzaketa “eskasa” dela salatu du. Aldi berean, Bilboko jai-eredua baloratu du, parte hartzailea, plurala eta inklusiboa dela defendatu baitu.
Bizikidetza, lankidetza eta immigrazioa
Lankidetzarako Plan Zuzentzailea Gastu Arrunterako Udal Aurrekontuaren % 0,7ra iristeko erronka berretsi du Elkarrekin Bilbaok. Gainera, udal taldeak “155.000 euroko Laguntza Humanitarioaren Funtsa mobilizatzeko eskatu du”, Marokoko lurrikararen eta Libiako uholdeak direla eta.
Euskara
Jimenezek gogorarazi du koalizioak urteak daramatzala udal euskaltegia % 100 dohainik sortzeko beharra azpimarratzen. Era berean, migratzaileei euskararako sarbidea errazteko beharra aipatu du, “kultur inklusiorako eta enplegagarritasuna hobetzeko tresna gisa”.