Koalizioak Gogorari eskatu dio gorpuzkiak ikertzeko eta identifikatzeko lanak burutzeko, eta memoria demokratikoaren aurkako gurutze frankista kentzeko, bereziki egiaztatzen bada teknikoki, han lurperatutako estatu-kolpearen biktimen gorpuzkiak ezin badira lurpetik atera
Gasteiz, 2323ko martxoaren 13a
Elkarrekin Podemos-IUk Legez Besteko Proposamen bat erregistratu du gaur, Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordeak Donostiako Polloe udal hilerrian dagoen hobi komunari merezi duen duintasuna eman diezaion proposatzeko.
Jon Hernandez koalizioko legebiltzarkidearen idazkian hau ekarri du gogora: “hilerri horretan udal jabetzako panteoi bat dago, agintari frankistek altxamenduan parte hartu zuten soldaduak ohoratzeko 1936an emandako kolpe faxistaren ondoren eraikia. Panteoi hori Donostiako Udalak ordaindu zuen, Mugimendu Nazionalaren ezohiko aurrekontuaren kontura. Jakina denez, panteoi berean ehortzi zituzten miliziano errepublikarren gorpuak. Duela gutxi, panteoi horretan egon zitezkeen miliziano errepublikanoen gorpuzkiak identifikatzeko ikerketa hasi da, eta plaka bat jarri da identifikatuta daudenak gogoratzeko”.
Era berean, hau azpimarratu du Hernandezek: “panteoiaren gainean gurutze bat dago, 1936ko falangisten eta kolpisten omenez eraikia, eta, beraz, kasu honetan izaera sinboliko bat du, erregimen diktatorialari lotua, bere oinarriak nazional-katolizismo deiturikoan oinarritzen zituena, sinbologia erlijiosoa gaindituz”. “Bertan ehortzitako miliziano asko erakunde politiko eta sindikaletakoak ziren, hala nola Alderdi Komunistakoak (PCE-EPK), CNTkoak (anarkistak) edo UGTkoak. Beraz, gurutze hori ez da bateragarria demokraziaren eta askatasunen defentsan bizitza eman zuten pertsona horien memoriarekiko errespetuarekin, hau da estatu-kolpeari aurre egin ziotenen memoriarekin”.
Kontuan hartuta mausoleo horretan falangisten eta frankisten gorpuzkiak daudela, eta horien omenez altxatu zirela monumentu-multzoa eta hilobia, beharrezkotzat jotzen da alderdi horren eta Eusko Jaurlaritzaren artean adostutako Memoria Historikoaren Lege berriari jarraiki “milizianoen gorpuzkiak lurpetik ateratzeko prozesua aztertzea eta beste leku batean lurperatzeko aukera ezartzea, eta ez haien borreroekin batera, sberaien enideen borondatearen arabera, eta, hala badagokio, biktimen erakunde politiko eta sindikalen arabera”.
Horregatik guztiagatik, Elkarrekin Podemos-IUk proposatu du Eusko Legebiltzarrak Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari eta Donostiako Udalari eskatzea behar bezala “duintzeko eta egia azaltzeko jatorri frankistako udal-panteoian kokatutako hobi komunean, Memoria Historikoaren leku gisa, hura behar bezala seinaleztatuz eta ikusaraziz, eta panteoiaren gainean kokatutako gurutzea kentzeko, kasu honetan kolpisten goratzearen sinbolo baita”.
Era berean, Ganbera honek Gogora Institutuari eska diezaiola “gorpuzkiak ikertzeko eta identifikatzeko lanak burutzeko, eta txosten bat egin dezala, teknikoki bertan utzitako estatu-kolpearen biktimen gorpuzkiak lurpetik ateratzea posible den ala ez behin betiko zehazteko”.