Koalizioak azpimarratu du RENFEren Bilbo-Santander linea “ezinbestekoa” dela “lurralde kohesiorako eta Bizkaiko eskualdeen garapenerako”
Gasteiz, 2023ko otsailaren 27a. Elkarrekin Podemos-IUk trenbide-zerbitzua bultzatzeko hainbat ekimen erregistratu ditu gaur Eusko Legebiltzarrean eta Bizkaiko Batzar Nagusietan, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoa eta Kantabria lotzen dituen zerbitzuari buruzkoaren inguruan.
Gaur, Iñigo Urkullu lehendakariak Miguel Angel Revilla Kantabriako homologoari harrera egin dio eta abagunea aprobetxatuz, Iñigo Martinez legebiltzarkideak hau ekarri du gogora: “Enkarterriko trenbidean, bai C4 tartean, bai Bilbo-Santander distantzia ertaineko linean, hainbat arazo daude, urteetan pilatutako utzikeriagatik. Hori islatzen da linea bera hobetzeko beharretan, behar diren langileak gehitzeko premian, eta, beraz, zerbitzuaren bermeei, arretari, ordutegiei eta maiztasunei dagokienez”.
Martinezek azaldu duenez, “garraiobide publiko hori hobetzea ezinbestekoa da Enkarterrirako eta Kantabriako zein Bizkaiko barnealdeko zerbitzua hobetzeko”. “Espainiako Gobernuak erabakitako aurrekontu-inbertsioa baliagarria da, baina egitateek agerian uzten dute hobekuntza batzuk aspalditik premiazkoak direla, egunerokoan egungo zerbitzuari eutsi ahal izateko eta, horrela, herritarren garraio publikorako eskubidea bermatzeko”.
Elkarrekin Podemos-IUk uste du “ezinbestekoa” dela C4 eta Renferen eta Bilbo-Santander lineak “Bizkaiko eskualdeen lurralde kohesiorako eta garapenerako, eta Kantabriarekin lotzeko”, eta horregatik ondokoak eskatzen dizkio Eusko Legebiltzarrari:
– RENFEri eta ADIFi eskatzea linearen tarte osoko seinaleak berrikusteko eta hobetzeko ,eta langile gehiago jartzeko.
– Espainiako Gobernuari eskatzea informazio azterlan bat egin dezala trenbidea Arangureneraino bikoizteko edo azpiegitura gehiago erabiltzea ahalbidetuko duten irtenbide alternatiboak emateko; Aranguren–Karrantza tarteko elektrifikazio-lanak osatzeko; eta zerbitzu horretan lanean has daitezkeen makinisten prestakuntza areagotzeko, txarte-zulatzaileen eta geltokietako langileen kopurua ere indartuz.
– Eta Espainiako Gobernuari, ADIFi, Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta inguruko Udaleii eskatzea proiektu bat azter dezatela, egungo geltokietako espazio fisikoak oinarritzat hartuta, horien erabilera publiko mistoa erabil dadila, hala nola Herritarren Arreta, liburutegiak, jolas estaliak, objektuen trukea, bizikletentzako aparkalekuak, mezularitzarako espazioak, KZ Gunea edo gune soziokulturalak ezartzeko) eta aurrez aurreko arreta trenbidearen erabiltzaileentzat.