Ezkerreko alderdiak herritarren babesa eskatu du sindikatuek eta hainbat elkartek bihar, larunbata, EAEko hiru hiriburuetan osasun publikoa desegitearen aurka egingo dituzten manifestazioetan, EAJren eta PSEren osasun politikek erantzun sozial sendoa behar dutelako
Bilbao, 2023 otsailaren 24a. Ezker Anitza-IUk babesa agertu die osasun publikoa desegitearen aurka sindikatuek eta osasun publikoaren aldeko hainbat elkartek bihar, otsailak 25, EAEko hiru hiriburuetan ‘Osakidetza salba dezagun lelopean’ egingo dituzten manifestazioei, eta Lehen Mailako Arretan eta ospitaleetako esku-hartzeetan itxaronaldi “onartezinak” kritikatu ditu, “araudiak ezartzen dituen gehienezko itxaronaldiak ere ez baitira errespetatzen”.
“Mobilizazioen enegarren deialdia da, aho batez eta sindikatuek eta osasun publikoaren aldeko elkarteek deituta, Eusko Jaurlaritzaren itxikeriaren aurrean; izan ere, Eusko Jaurlaritzak ez du aitortu nahi Osakidetzaren ahultze nabarmenean duen erantzukizuna”, azaldu du alderdiak.
Ezker Anitza-IUk ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritzak osasun-aurrekontuko milaka milioi euro kontratista pribatuei, anbulantziei, larrialdiei, telelaguntzari, garbiketari, klinika pribatuetarako bideratzeei eta abarri bideratzen dizkien bitartean, osasun pribatuaren eta aseguru pribatuen onurak etengabe hazten ari dira Euskadin, osasun publikoa ahuldu delako.
Gainera, nabarmendu du “osasunaren defentsa % 100 publikoa dela, lankidetza publiko pribatuaren formula tranpatirik gabe, gure herrialdeko gizartearen duintasuna definitzen duten marra gorrietako bat”.
Ezker Anitza-IUk herritarren babesa eskatu du biharko manifestazioetan, “EAJren eta PSEren osasun politikek gizartearen erantzun sendoa behar dutelako”.