Elkarrekin Podemos-IUk azpimarratu du ezinbestekoa dela alokairuen prezioa murriztea gazteen emantzipazioa bultzatzeko

Koalizioak deitoratu du Eusko Jaurlaritzak oraindik ez erabaki izana “egitura-tresna egokiak” erabiltzea Gazteen Euskal Legea behar bezala garatu eta aplikatzeko, Etxebizitza bezalako esparruetan esku hartuz

 

Gasteiz, 2023ko otsailaren 22a

2022ko martxoaren 10ean, Elkarrekin Podemos-IUk bere botoak batu zituen Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiekin, Gazteriaren Lege berria onartzeko, belaunaldi berrien bizitza hobetzeko xedeaz. Legea sinatu eta urtebetera, ordea, gaur baieztatu behar du ez dagoela batere konforme Jaurlaritzak egindako lege horren garapenarekin; izan ere, faltan botatzen dute gobernuaren jardunean “tresna errealak aktibatzea”, hala nola “etxebizitzaren prezioari muga bat jartzea”.

“Gazteen emantzipaziorako euskal estrategia bat egotea positibotzat jotzen dugu, orduan Gazteriaren Legea positibotzat jo genuen bezala, baina ez gaude pozik edukiarekin. Hasieran, Legeak gazteentzako lehendik zeuden zerbitzuak antolatzen zituen, baina gure taldeak azpimarratu zuen eskubideak aitortu behar zituela eta administrazio publikoek eskubide horiek bermatu behar zituela”. “Legea aurrerapauso bat izan zen guretzat, baina esan genuen Legeak, berez, ez lituzkeela gazteen arazo guztiak konponduko, ez baziren lantzen behar diren politika publiko integralak, ezarritako eskubideak bermatuko lituzkeenak”, ekarri du gogora koalizioak.

Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak azpimarratu du koalizioak Eusko Jaurlaritzari helarazi ziola, Legearen negoziazioan, “gizarte aske bat nahi genuela, gazteek bizitza duinaren berezko proiektua aukera zezaten”. Eta gaur egun egoera hori bermatzeko, batez ere gazteenentzat, eta emantzipazio azkarrenean pentsatuz, etxebizitzaren merkatuan modu eraginkorrean esku hartu behar da, batez ere alokairuaren merkatuan.

“Behar adina aldiz esango dugu, eta ez gara nekatuko: Etxebizitzaren prezioari muga bat jarri behar zaio. Proposatzen den bezala, gazteei alokairu-errenta ordaintzeko zuzeneko laguntzak emateak aukera ematen du gazteek erosteko ahalmen handiagoa izan dezaten, baina merkatuko prezioetan ere errebote-efektua eragiten du. Mugarik jartzen ez bada, etxebizitzaren prezioa ez da inoiz egongo kontrolpean”, azpimarratu du.

Horregatik guztiagatik, eta kritika eraikitzaile horrekin jarraituz, Gonzálezek hau azpimarratu du: “etxebizitzaren inguruko politikak berrantolatu eta indartu egin behar dira, batetik, etxebizitzaren prezioei eustea eta prezioak jaistea lortzeko, eta, bestetik, alokairuko etxebizitzen parke publikoa sustatzeko”.

“Estrategiari bai, azterketa-esparruei ere bai, baita esparru alderatuei ere, baina benetako egitura-tresnak behar ditugu, gazteen emantzipazio duina lortzeko etapa guztietan. Eta proposatu den estrategia honetan, ez dugu horrelakorik ikusten”, ondorioztatu du.