Hezkuntza Akordioa zaintzeko Lan-Plangintza bat eskatu du Elkarrekin Podemos-IUk

 

Gasetiz, 2022ko ekainaren 13a

Elkarrekin Podemos-IU Hezkuntza Itunaren Jarraipen Batzordean parte hartu ondoren, baieztatu du beharrezkoa dela batera egiten den lan-maila handitzea, martxoan lortutako adostasuna zaintzeko,hezkuntza-proiektuaren garapenean itun horretako baldintzak eta espiritua benetan eta leialki islatzen direla ziurtatzeko, Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu aurretik.

Lehendakariak, iragan Kontrol Osoko Bilkuran, “sinatutako itunaren baldintzak errespetatzeko konpromisoa” hartu zuen. Iñigo Urkulluk Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko galderei erantzunez hau adierazi zuen: “Gure konpromisoa berresten dugu hezkuntzaren itun osoarekin eta lortutako adostasun guztiak leialki betetzearekin”.

Elkarrekin Podemos-IUk Legebiltzarrean duen bozeramaileak azpimarratu du lege-proiektu bat idazten den bitartean oso ohikoa dela aldeen arteko desadostasunak egotea, eta batez ere lau aldeen artean sinatutako proiektua bada. Eta horixe da, hain zuzen ere, Elkarrekin Podemos-IUk gaur jarritako adibidea, Antolamendu eta Plangintza Dekretuaren zirriborroan gertatu dena: “sinatutako Hezkuntza Akordioan esplizituki adierazten da “eskaintza publikoa nahikoa izango dela”, eta Dekretuan, berriz, “funts publikoekin ordaintzen diren plaza kopurua nahikoa izango dela” adierazten da. Eta horrek alde handia dakar funtsean, aldaketa handia itundutakoaren espirituaren gainean, akordioan guztiok sinatzen dugunak blindatu egiten baitu eskola publikoaren “funtsezko papera”, eta bigarren formulazioak, berriz, “parekatu egiten ditu eskola publikoa eta itunpekoa”.

Horregatik, Elkarrekin Podemos-IUk adierazi du Lan-Plangintza bat ezarri behar dela sor litezkeen ezberdintasunak konpontzeko eta, horrela, lortutako adostasuna blindatzeko: “Ez zen itun perfektua izan, baina adosteko gutxieneko batzuk jasotzen zituen, eskola publikoa indartzeko ezinbesteko elementuak eta segregazioaren aurka borrokatzeko neurri zehatzak sartzea lortu baikenuen”.

Orain, ituna zaintzeko unea da, lege-proiektuak lortutako akordioaren letra eta espiritua errespeta ditzan. Guk ez dugu inolaz ere nahi akordio hau haustea, baina arretaz zainduko dugu emandako hitza betetzen dela”, azpimarratu du Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak.