Elkarrekin Podemos-IUk 62 zuzenketa aurkeztu dizkio Memoria Historiko eta Demokratikoaren Euskal Legeari

“Lan zorrotza egin du testua hobetzeko eta lege indartsu eta integral bat onartzeko, 1936ko kolpe faxistaren eta ondorengo diktadura frankistaren biktimen egia, memoria, justizia eta erreparaziorako”, Jon Hernandezek azaldu duenez

 

Gasetiz, 2022ko, ekainaren 1a

Prentsaurrekoan, legebiltzarkideak gogorarazi du EAJk uko egin diola “luzaroan” gai horri lege batean heltzeari. “Mugimendu memorialista eta gurea bezalako koalizioak, ideia behin eta berriz aipatzen dugunok eta proposamenak egiten aritu garenok soilik ahalbidetu dugu orain aukera hori izatea”, azaldu du.

Negoziazioan gogor egingo dutela lan adierazi du legebiltzarkideak. “Gure ustez, armada frankistaren eta diktaduraren aurka borrokatu zutenek ez ligukete barkatuko Legebiltzar honetan, non lau talde nagusiak kolpeari aurre egin eta demokrazia eta askatasuna defendatu zutenen oinordeko zuzenak garen, lege anitz bat onartzeko gai ez izatea”, azaldu du Hernandezek.

Koalizioaren ustez, “lege-proiektuak hutsune gehiegi ditu, eta zehaztasuna falta zaio Euskadin Memoria Historikoaren politikak behar bezala garatzeko”. Horregatik, hainbat neurri planteatzen dituzte, hala nola biktimen errolda bat sortzea; biktimen erreparazio osoa, morala zein ekonomikoa; eta, pertsona bat biktimatzat hartzeko kasuak zabaltzea, bai eta diktaduraren hondar-egituren errepresioa jasan zutenentzako 1982ra arteko denbora-tartea luzatzea ere.

Zuzenketak

Elkarrekin Podemos-IUk, bere zuzenketetan, emakumeei zuzendutako artikulu espezifiko berri bat planteatzen du, “jasan zuten errepresioa espezifikoa, orokorra eta sistematikoa izan baitzen”. Hernandezek azaldu duenez, “beharrezkoa da errepresioa jasan zuten emakumeentzako politika espezifikoak bermatuko dituen artikulu bat sartzea, ez bakarrik gizonak ere erreprimitu zituzten gaiengatik, baita emakume izate hutsagatik, haurdunaldia borondatez eteteagatik, adulterioagatik edo gizonak erreprimitzen ez zituzten kontuengatik ere”.

Ez da koalizioak bere zuzenketen bidez proposatzen duen artikulu berri bakarra. Memoria hezkuntza-sisteman sartzera zuzendutako beste bat ere jasotzen dute, eskola-curriculumaren parte izateko derrigortasuna esplizituki jasoz eta irakasleen formakuntzarako neurriak planteatuz.

Gainera, “prozedura zorrotzagoa planteatzen dute memoriaren tokiak, esparruak eta ibilbideak ezartzeko, eta memoriaren aurkako sinboloen eta elementuen kategoriak zabaltzen dute, frankistei ohoreak egiteko eraikitako eraikuntza arkitektoniko edo eskultorikoak barne”.

Elkarrekin Podemos-IUk proposatzen du, halaber, Memoria Historikoaren Euskal Kontseilua sortzea, non mugimendu memorialistak parte hartuko duen; Gogora Institutuaren baitan ikerketa-talde propioa eta adituen batzorde espezifiko bat, gerra eta frankismo garaian Euskadin izandako giza eskubideen urraketari buruzko txostena egiteko; Euskadiko Memoria Historikoaren Zentroa sortzea, hiru lurraldeetan egoitzak izango dituena; eta Gerra Zibilaren testigantzen artxibo bat sortzea.

Elkarrekin Podemos-IUren beste proposamenetako bat uztailaren 18a kolpe militarraren eta diktaduraren biktimak oroitzeko eta omentzeko eguna izendatzea da, memoria historikoaren eguna.