Elkarrekin Podemos-IU kezkatuta dago bitarteko langileen egoeragatik, EPE Enplegu Publikoaren Eskaintza finkatzea dela eta

«20 urte arteko antzinatasuna eta erretirotik gertu dauden pertsonak dira, eta orain lana gal dezakete eskatutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatu ez dutelako», ohartarazi du Jon Hernández legebiltzarkideak

 

Gasteiz, 2022ko maiatzaren 5a

Euskal Administrazioan behin-behinekotasuna murrizteko onartu den antzinatasunagatiko bitartekoen Enplegu Publikoaren Eskaintza finkatzeak agerian utzi du bitarteko langileen errealitatea. Urteak eman dituzte behin-behinean beren lanpostua betetzen, eta orain beren lanpostua gal dezakete, ezin dutelako eskatutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatu.

Jon Hernandez legebiltzarkideak azaldu duenez, “20 urte arteko antzinatasuna duten langileak dira, erretirotik gertu daudenak eta 50 urtetik gorakoak. Pertsona horiek, kasu askotan, ikusi dute euskararen eskakizunak gora egin duela administrazioan lanean hasi zirenetik”.

Egoera horren aurrean, sindikatuak ere kezkatuta agertu dira, eta enplegua sendotzeko eskatu dute, behin-behinekotasuna murriztuz. Elkarrekin Podemos-IUk ere beharrezkotzat jo du murriztea, %40raino iristen baita. Hernandezek azaldu duenez, “bitartekoak antzinatasunagatik finkatzea aukera gisa hartu behar da enplegua finkatzeko prozesu bat antolatzeko eta administrazioa euskalduntzeko, langile horiek kalean utzi gabe”.

Egoera hau sortzen ari den ziurgabetasun eta kezkaren aurrean, koalizioak Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendiren agerraldi eskaera bat erregistratu du, Eusko Jaurlaritzak bitartekoak antzinatasunagatik finkatzeko EPEren inguruan dituen asmoak azal ditzan.