Saharari buruzko jarrera aldatzea: “Potentzia okupatzailearen alde jartzeak ez dirudi bakerako ekarpenik onena denik”

Elkarrekin Podemos-IUk errefusatu egin du asteazken honetako osoko bilkuran Pedro Sanchezek Sahararekiko duen jarrera

Eusko Legebiltzarrea, 2022ko apirilaren 27a

Ezker Anitza-IUko legebiltzarkidea Elkarrekin Podemos taldean Iñigo Martinez Zatonek kritikatu egin du, Sanchezek bere Gobernuari zein Kongresuari bizkarra emanez, alde bakarretik Estatuaren jarrera historikoa aldatzea erabaki izana, Marokoko Erresumaren barruan sahararren autonomia lortzeko Marokoren proposamena martxoaren 14an Marokoko erregeari bidali zion gutunean “proposamenik serioena, errealistena eta sinesgarriena dela iritzita”. “Jarrera hori Presidentearena eta PSOErena baino ez da, Kongresuan frogatu zen bezala, bertan proposamena defendatzen bera bakarrik geratu baitzen”, adierazi du legebiltzarkideak.

Koalizioak baldintzarik “gabeko babesa” adierazi die “saharar herriari eta Fronte POLISARIOARI, nazio askapenerako borrokan”. Martinez Zatonek adierazi duenez, “Afrika iparraldeko egonkortasuna ezin da gauzatu Nazioarteko legezkotasunari iseka eginez, bere askapenaren alde ausardiaz borrokatzen duen herri bat desagerraraziz eta indarraren Eskubidea zuzenbidearen indarraren gainetik lehenetsiz”.

Halaber, gogorarazi du gerra eta liskar militarra itzuli direla Marokok 2020ko azaroaren 13an Guerguerat-en egindako erasoaren ondoren, eta potentzia okupatzailearen alde jartzeak ez dirudiela bakerako ekarpenik onena.

“Elkarrekin Podemos-IUn argi daukagu beti biktimekin, erasotuekin, nazioarteko eskubidearekin egongo garela”, adierazi du legebiltzarkideak. “Espainiako Estatuak, historiagatik eta iure administratzeko ahalmena izateagatik, eginkizun aktiboa, prodiplomatikoa, legean oinarritua eta bitartekotza aktibokoa izan beharko luke”. Horregatik, gaur, koalizioak Alderdi Sozialistari berretsi dio beharrezkoa dela aurreko egoerara itzultzea eta saharar herriaren autodeterminazio askerako eskubidea onartzea.