Elkarrekin Podemos IUk Osasun Mentalaren gaineko Lege Proposamen bat erregistratu du Euskadin osasun arreta unibertsala eta kalitatezkoa bermatzeko

Testuaren arabera, osasun mentaleko profesionalen kopurua handiagoa izan behar du, osasun, hezkuntza eta gizarte arloetan prebentzio handiagoa ezartzen da, pazienteen eskubideak babesten dira eta estigmatizazioa desagerrarazteko politikak ezartzen dira

“Osasun mentala lehentasunezko gaitzat jo behar da. Bada garaia beste gaixotasun larri batzuek duten arreta sanitario eta begirune sozial bera jasotzeko, bazterketa prebenitzen, sendatzen eta saihesten duen legeria batez”, azaldu du Jon Hernándezek

 

Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 19a

Elkarrekin Podemos IUk lege-proposamen bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean osasun mentalaren arloan kalitatezko osasun-arreta arautzeko.

Horretarako, Lege Proposamenak osasun zerbitzuetarako sarbide unibertsala bermatzen du, pazienteen eskubideak babesten ditu, osasun-, hezkuntza- eta gizarte-arloan prebentzio handiagoa ezartzen du, osasun mentaleko profesionalen kopurua handitzen du, neurriak sustatzen ditu arretaren atzerapenekin amaitzeko eta zerbitzu eraginkorrak izateko, eta estigmatizazioa desagerrarazteko politikak ezartzen ditu.

Ezker Anitza-IUko legebiltzarkideak, Elkarrekin Podemos IU koalizioaren barruan Jon Hernándezek  azaldu du: “Bada garaia osasun mentalak beste gaixotasun larri batzuek duten arreta sanitarioa eta begirune sozial bera jasotzeko. Hernándezek ohartarazi duenez, pandemiak areagotu egin ditu osasun mentaleko arazoak, EAEko ospitaleetako psikiatria-unitateak gainezka eginez eta depresio-, antsietate- edo portaera-nahasmendu-koadroengatiko kontsultak ikaragarri ugalduz. Errealitate horren aurrean, Jon Hernándezek azpimarratu du ekintza publikoak konpondu behar duela osasun mentalaren arazoa, “kalitatezko osasun-arreta emateko,prebenitzen duen, sendatzen duen eta giza baliabide eta behar diren baliabide material guztiak jartzen dituen legeriaz, kalitatezko arreta emateko, gizarte-bazterketa saihesteko eta estigmarekin amaitzeko.

Hala, neurrien artean, Elkarrekin Podemosen IUko Lege Proposamenak osasun mentaleko profesionalen kopurua handitzen du, eta gutxienez 18 psikiatra, 20 psikologo kliniko eta osasun mentaleko 23 erizain bermatzen ditu 100.000 biztanleko, herrialde garatuetako estandarren arabera, lau urteko gehieneko epean.

Era berean, lehen mailako arretako psikologo klinikoaren figura ezartzen da, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak osasun-sistemara sartzeko atetik bertatik osasuna prebenitzea eta sustatzea lehenetsiko duen osasun-arreta integrala emateko, horrela arazoak kroniko bihurtzea saihestuz. Horri dagokionez, gutxienez bi psikologoren ratioa ezartzen da 10.000 biztanleko, lau urteko aldian ere bai. Era berean, Lege Proposamenak hezkuntzazko psikologo bat bermatzen du 250 ikasleko, hezkuntzaren eremuan aurreikusten diren jarduketen barruan, betiere osasun mentalaren prebentzioa eta sustapena eskolaren eremutik hasi behar direla oinarri hartuta.

Neurri horiek eta beste batzuk ere xehatu ditu Jon Hernández legebiltzarkideak, eta nabarmendu du Lege Proposamenak pazientearen autonomiarako eskubidea eta haren premiak zaintzen dituela arreta sanitario eta sozial osoaren eta humanitarioaren bidez, gazteenek arreta publiko espezializatua jasotzeko aukera dutela bermatzen duela (haurrei eta nerabeei buruzko artikulu espezifiko batez dago osatua) eta prebentzioaren aldeko apustu irmoa egiten du, hainbat eremutan, gizarte-zerbitzuetan barne, lehen mailako prebentzio-programak ezarriz.

Gainera, lan-arloan, nabarmendu du Lege Proposamenak langileen osasun mentala zaintzea sustatzen duela enpresaren barruan, depresioari, estresari edo antsietateari buruzko prestakuntzaren bidez, eta, aldi berean, enplegu planak eta prestakuntza planak abiaraztea aurreikusten du, buru-nahaste larria duten pertsonentzat, gizarteratzea errazteko. Gizarteratzeari begira, Elkarrekin Podemos IUk ezartzen du legez etxebizitza publikoen parkearen %5 erreserbatu behar dela osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen bizitza independentea sustatzeko.

Lege autonomiko horrek atariko titulu bat, hiru titulu, 52 artikulu eta hiru xedapen iragankor ditu, eta, era berean, suizidioa prebenitzeko protokolo bat ezarpena jasotzen du, beharrezko estrategiak jaso eta eguneratuko dituena, eta osasun mentaleko arazoak dituen pertsonaren Defentsa Erakundea sortzea, gaixotasun mota hori pairatzen dituztenen giza eskubideak zaintzeko, besteak beste. Era berean, genero- indarkeriari dagokionez, legeak ezartzen du osasun mentalaren arretarako egiturek eskubide horiek bermatuko dituztela eta eskubide horiek bete-betean erabiltzea sustatuko dutela, indarkeria matxistaren aurkako aholkularitza eta babes espezifikoa eskainiz.

Euskadin bizi diren herritarren osasun mentaleko arreta-premiak betetzeko, eta kontuan izanik helburua osasun mentalari zeharkakotasunez heltzea dela osasunaren, hezkuntzaren, gizarte-zerbitzuen edo enpleguaren eremuko politikekin (gutxienez lau sail desberdin barne hartzen dituzte), Lege Proposamenak gutxieneko aurrekontu bat finkatzen du osasun mentalari erantzuteko, Euskadiko BPGren %1ekoa, legegintzaldiko lehen urtean. Ehuneko hori hurrengo legegintzaldirako neurri horien ebaluazioetan aurrera egin ahala berrikusiko da. “Botere publikoek jardun behar dute biztanleek bizitza osoa eta zoriontsua izan dezaten”, ohartarazi du Hernandezek.