Santi Jimenezek Irungo Memoria Historikoaren Bulego berria aurkeztu du

Irailaren 13an jarriko da martxan eta Udal Artxiboaren ondoan egongo da. Bulegoak aholkularitza eskainiko die Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren biktimen familiei, eta garaiko dokumentuak eta objektuak bilduko ditu

 

Irun, 2021eko uztailaren 29a

Santi Jiménez Memoria Historikoko Ordezkariak eta Aitzol Arroyo Arloko Teknikari berriak Irungo Memoria Historikoaren Bulegoa aurkeztu dute. Udalak eta Memoria Historikoaren arloa hirian Memoria Historikoa sustatzeko hartu duten konpromiso irmoari erantzuten dio proiektu hau sortzeak eta ezartzeak. “1936ko Gerra” eztandaren eta ondorengo diktadura frankistaren arteko aldiari dagokionez memoria kolektiboa berreskuratzeko, Irungo Udalak teknikari berri bat kontratatu du, Memoria Historikoa bultzatzeaz arduratuko dena eta proiektu hau egiteko funtsezko lana egin duena.

Santi Jiménez Memoria Historikoko Ordezkariak “1936ko Gerra eta ondorengo diktadura frankista pairatu zutenen memoria gordetzearen” garrantzia azpimarratu du, eta “gure betebeharra frankismoaren biktimak aitortzea da, eta bulego hau sortzea aurrerapauso garrantzitsua da Irungo hiriarentzat“.

Memoria Historikoaren Bulegoaren helburua da Irungo gerrako eta frankismoko biktimen memoria kolektiboa ez ahaztea. Memoria Historikoa sustatzeko ardura duen teknikari berriak, Aitzol Arroyok, azpimarratu duenez, “Bulego honen helburu nagusiak frankismoaren biktimen testigantzak grabatzea eta biltzea izango da, baita biktimen familiei aholku ematea ere, Buenos Airesko Epaitegi Nazionalak irekitako auziarekin bat egin dezaten, frankismoak Espainian egindako genozidioari eta gizateriaren aurkako krimenei dagokienez”. Era berean, bulegoak aldi horrekin lotutako objektuak eta dokumentuak ere jasoko ditu.

Bestalde, Aitzol Arroyok jakinarazi du hau ez dela izango ordezkaritza horrek epe motzean egingo duen jarduera bakarra; izan ere, datozen hilabeteetan ekitaldi batzuk egitea aurreikusi da, eta horiei buruzko informazio gehiago laster emango da

Memoria Historikoaren Bulegoak 010 edo 943505152 telefonoetan hitzordua hartuta arreta emango du, eta erreferentziazko puntua izan nahi du Irungo Memoria Historikoaren arloko hurrengo proiektuetarako.