Podemoseko idazkari nagusia eta PCEko idazkari nagusia Euskadiko Mahai Politiko Konfederalaren bileran izan dira Gasteizen, Pilar Garridorekin eta Isabel Saludekin batera
Koalizioak nabarmendu du Euskadi lurralde egokia dela gizarte justuago eta aurrerakoiago baterantz aurrera egiteko ezinbestekoak diren zenbait aldaketa probatzeko
Gasteiz. 2021eko uztailaren 21a.
Elkarrekin Podemos IUk koalizioaren ekintza politikorako agendaren berri eman die Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusiari eta Enrique Santiago PCEko idazkari nagusiari, eta, besteak beste, hauek aipatu dira: erreforma fiskala, ekonomia sozialaren alde egingo duen eredu produktiboaren aldaketa, trantsizio ekologikoa sendotzea eta zainketen ekonomian aurrera egitea.
Ione Belarra eta Enrique Santiago buru izan dira asteazkenean, Gasteizko Europa Kongresu Jauregian, Euskadiko Mahai Politiko Konfederalaren bileran; bertan izan dira Podemos Ahal Dugu-ko eta Ezker Anitza-IUko idazkari nagusiak, Pilar Garrido eta Isabel Salud, hurrenez hurren.
Pilar Garridok ohartarazi du Estatuko hurrengo Aurrekontu Orokorren eztabaidan beharrezkoa dela sistema justuagoa eta progresiboagoa ezarriko duen erreforma fiskala egitea, Elkarrekin Podemos IUk euskal erakundeetan egiten ari den lanaren ildotik.
Era berean, Europako Funtsek pandemiak eragindako osasun-, ekonomia- eta gizarte-krisitik bermeekin ateratzeko duten garrantzia dela eta, Podemos Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusiak azpimarratu du oso garrantzitsua dela funts horiek baliatzea lurraldean errotutako gizarte-ekonomiaren alde egingo duen ekoizpen-eredua benetan aldatzeko.
Ildo horretan, Pilar Garridok, Ione Belarra eta Enrique Santiagoren aurrean, adierazi du Euskadi lurralde egokia dela gizarte justuago eta aurrerakoiago baterantz aurrera egiteko ezinbestekoak diren aldaketetako batzuk entseatzeko, hain zuzen begirada feminista eta ekologikoa sendotuko duena eta zaintzen ekonomia sendotuko duena.
Bestalde, Isabel Saludek Ione Belarra eta Enrique Santiago Mahai Politiko Konfederalaren bileran egotea eskertu du Podemos Ahal Dugu-ren eta Ezker Anitza-IUren espazio bateratua indartzeagatik. Hala, mahai politikoa “elkartzeko, proposamen politikoak bateratzeko, sintesiak bilatzeko eta jarduera sozialak prestatzeko gunea” dela azpimarratu du.
Isabel Saludek azpimarratu du Ezker Anitza oso unitarioa dela, eta horixe dela bere nortasunaren ezaugarrietako bat, eraldaketa sozialari bultzada handia ematen diolako. Horren harira, gogorarazi du borroka bateratuak ezinbestekoak direla mundu bidezkoago eta solidarioago baterantz aurrera egiteko. Hori dela eta, Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusiak esan du bere alderdi politikoa prest dagoela baliabideak, energiak eta denbora eskaintzeko “proiektu bateratu eta itxaropentsu bat eraikitzeko, aldaketa sozialerako programa baten inguruan eta senidetasun eta leialtasun loturengatik“.