-
Ezker Anitza-IUk babesa eta elkartasuna adierazi dio Palestinako herriari, eta Jerusalemen tren arina eraikitzearen aurka larunbat honetan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartuko duela iragarri du, nazioarteko zuzenbidearen arabera legez kanpokoa baita.
-
“Ez dugu konplize izan nahi Israelek lurralde palestinarrak legez kanpo kolonizatu dituelako, eta CAF euskal enpresak tranbiaren eraikuntzan parte hartzeak giza eskubideekin dituen erantzukizunak urratzea ekarriko luke”, adierazi du Isabel Salud Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusiak.
Ezker Anitza_IUk babesa eta elkartasuna adierazi dio palestinar herriari, eta larunbatean, azaroak 28, Bilbon, Gasteiz-en, Donostian eta Iruñean egingo diren elkarretaratzeetan parte hartuko du.
Alderdi ezkertiarrak gogorarazi duenez, 2017an Israelek Jerusalemgo tranbia zabaltzeko lizitazio lehiaketa onartu zuen, eta, besteak beste, CAF – Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles – Enpresa lizitatzen ari zen.
“Nazioarteko legediaren aurkako proiektua da, eta herri palestinarraren eskubideen aurkako beste eraso bat; izan ere, Jerusalem Israelgo kokalekuekin lotzea du helburu, eta, horrela, militarki okupatutako lurralde palestinar gehiago bereganatzea, 600.000 legez kanpoko kolono baino gehiago bizi baitira”, salatu du Isabel Saludek.
Nazioarteko zuzenbidearen arabera, Israelek Palestinako lurralde okupatuan (Jerusalem Ekialdea barne) dituen kokalekuak legez kanpokoak direla azpimarratu du Ezker Anitza-IUk, Genevako IV. Hitzarmena urratzen dutelako. Era berean, tranbiak argi eta garbi erakusten du Israelen apartheid-a: auzo palestinarrak baztertzeko diseinatuta dago, baita kokaguneak elkartzeko eta horien artean eta Jerusalem mendebaldearekin lotzeko ere.
Hori dela eta, koalizio aurrerakoiak, beste euskal erakunde batzuekin batera, manifestu bat sinatu du trena eraikitzearen aurka, eta larunbatean Palestinako herriari elkartasuna adierazteko mobilizatzeko deia egin du koordinatzaile nagusiak.