Elkarrekin Podemos-IUk proposamen bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, azaroaren 8ko 4/1991 Legea moldatzeko; lege horrek arautzen du jokoa Euskal Autonomia Erkidegoan. Kontsumo Ministerioak, Alberto Garzon buru duela, azaroaren 3an onartu zuen joko jardueren Jakinarazpenen Errege Dekretua; horrekin, jokoaren publizitatea eta online jarduera arautzen ditu.
Onartu zenetik, debekatuta daude kirol taldeen elastikoetako babesletzak, atzemate kanpainak, ospetsuen iragarkietako agerpenak eta ikusizko komunikabideetako publizitatea, salbu eta ordu batetik goizeko bostetara.
Horregatik, “orain aurrera egitea tokatzen da, eta gauza bera egitea Euskadin, eskumenak ditugu eta”, azaldu du bozeramaileak, Miren Gorrotxategik. Euskadiren berezitasuna da online jokoen presentzia indartsua, kirol apustuetan hiru talde handi errotuta ditugularik; gainera, azken urteetan biderkatu egin da haien presentzia bai lokal propioen bitartez eta bai ostalaritzako beste establezimendu batzuetako makinen bitartez. Hala, “premiazkoa zen hura arautzea.
Lege berria, zalantzarik gabe, lehen pauso bat da zorizko jokoek eta kirol apustuek Euskadiko jendearen osasunean eragiten dituzten ondorioei heltzeko”, azpimarratu du Gorrotxategik.
Neurri nagusien artean, Iñigo Martínez Zatón Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak azaldu duen bezala, honako hauek daude: ikastetxeetatik eta gazteen zentroetatik 500 metroko distantzia minimoa ezartzea, jokoestablezimenduen kopurua mugatzea, irekiera eta itxiera orduak mugatzea 12:00etatik 01:00era, sarbide-kontrola nahitaez ezartzea eta jokorako lokal guztietan jokalariak identifikatu beharra.
Horretaz gain, zerga arloari eragiten dion neurri bat ere proposatzen da, %10eko elkarrekin errekargua jokoaren gaineko zergan. Alde horretatik, proposamen bat erregistratu da hiru Batzar Nagusietan, jokoaren arloko foru arauak aldatzeko; izan ere, jokoaren gaineko eskumena estatuarena bada ere, Kontzertu Ekonomikoaren legeak ezartzen du Lurralde Historikoek zerga tasak igo ditzaketela. “Jokoa zergapetzeko posibilitatea bazegoen, eta orain arte inork ez du erabili”.
Horregatik, Iñigo Martinez Zatonek berriz aipatu ditu jokoaren ondorio ezkorrak eta gogorarazi du nolako datu “kezkagarriak” dakartzan Jokoaren Behatokiko txostenak, besteak beste aipatzen baitu euskal herritar gehienek (%63,2) 18-34 urte bitartean eduki zutela lehen kontaktua jokoarekin. Datu hauek erakusten dute oso beharrezkoa dela lege hau, “ez bakarrik gazteak eta jende xehea jokoaren ondorio galgarrietatik babesteko, baizik eta baita gizartearen gehiengoarentzat bizimodu eta aisialdi alternatiba osasungarriak eta eskuragarriak sortzeko ere mugarik gabeko kontsumismoaren mundutik urrun”.