2020/11/19
Elkarrekin Podemos-IUk osasun profesionalen aldarrikapen nagusiak ekarri ditu Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara, eta Osakidetza gaur egun nola dagoen aletu du. Jon Hernandez legebiltzarkideak zenbait salaketa egin ditu: langileak falta direla, behinbehineko kontratuen tasa sekulakoa dela, langileek nekatuta dituztela bai gorputza eta bai burua, lanaren gainkarga sistematikoa dela, laneko osasunean utzikeria dagoela eta lana eta familia uztartzeko prestasuna hutsaren hurrengoa dela. Koalizioak mozio bat aurkeztu du lau proposamen nagusirekin: osasun publikoaren inbertsioa Europako Batasunaren batezbetekoarekin parekatzea, osasun aurrekontuaren %25 lehen mailako arretara bideratzea, sindikatuekin negoziazioa aktibatzea eta behar diren mekanismoak martxan jartzea behar bezalako osasun publikoa bermatzeko “Osakidetza orain nola dagoen, hori ez da COVID-19aren errua, egiturazko arazoa baizik, zeren eta Eusko Jaurlaritzak hamar urte baino gehiago daramatza langileriaren egoera urritzen, bajak ez estaltzen eta behin-behinean diharduten langile gehiegirekin”, azaldu du Hernandezek. Horretaz gainera, gogorarazi du nola dagoen azpikontratena Osakidetzan, eta eskatu du eten dezala zerbitzuak (bai osasun arlokoak eta bai haren albokoak) pribatizatzeko joera amaigabea eta apustu egiteko “osoki publikoa den eredu baten alde, negoziotik urrun”. Osasun arloko gastua Euskadin, justu-justu iristen da BPGaren %5,2ra, eta Europako batezbestekotik %9,8 beherago dago, eta Espainiako Estatutik %8,9 beherago. %25 igoz gero, Hernandezen hitzetan, “gehiegizko lan kargak eta kostuak saihestuko lirateke, eta, ondorioz, joan deneko hamar urtean osasun sistema jasaten ari den ahuleria progresiboa etengo genuke”. Eusko Jaurlaritzaren ezezkoak eta PPrenak eta VOXenak ez dute utzi mozioa aurrera ateratzen.