Elkarrekin Podemos-IUk garraio publiko gehiago eskatu du pandemiak dirauen artean

Elkarrekin Podemos-IUk bai Eusko Legebiltzarrean eta bai hiru lurraldeetako Batzar Nagusietan eskatu duenez, garraio publiko segurua lehenbailehen bermatu beharra dago eta maiztasuna handitu.

2020/10/29

Elkarrekin Podemos-IUrentzat, jarduera ekonomikoari eta akademikoari eusteko Eusko Jaurlaritzak hartu duen erabakiarekin udalerrien eta lurraldeen arteko mugikortasunak bere horretan jarraituko du; alabaina, ez da hartu neurririk garraio publiko seguru bat bermatzeko eta COVIDetik babesteko. Garraio publikoa, bai hiri barnekoa eta bai hiri artekoa, kutsadura foku handia da oraindik, ez baitago elkarren arteko distantziari eusteko modurik; izan ere, ez da zedarritu garraio publiko bakoitzak izan behar lukeen jende kopururik gutxieneko segurtasun distantziari eusteko, eta ez da maiztasunik handitu ordu jakinetako masifikazioa arintzeko. Alde horretatik, Iñigo Martínez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak hauxe azaldu du: «Gizartea garraio publikorik ez hartzea erabakitzen ari da kutsadura arriskua dela eta, eta atzera ibilgailu pribatuaren alde egiten ari da. Jarrera hori errespetagarria eta ulergarria da, mugikortasun seguruagoa bilatzen baitugu, baina atzerapauso handia da Euskadi mugikortasun iraunkorraren alde egiten ari den politiketan eta atzeraka egiten dugu, era berean, klima aldaketa ibilgailu pribatuaren erabilera arintzearekin borrokatzeko helburuan ere». Hala, Elkarrekin Podemos-IUk, garraio publikoaren erabiltzaileen segurtasuna hobetzeko eta mugikortasun iraunkorraren politiketan aurrera egiteko helburuz, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio garraio publiko segurua berma dezala eta kutsadura arriskua murriztu, elkarren arteko segurtasun distantzia handituta. Euskadiko hiri barneko nahiz hiri arteko garraiobide guztien maiztasuna igotzea zaila izan daiteke ekonomikoki. Horregatik, Martínezek hauxe azaldu du: «Elkarrekin Podemos-IUk proposatzen du garraiobideak erabiltzaile gehien izaten den orduetan ugaritzea, hau da, lantokiko nahiz ikastegiko joan-etorrietan». Laburbilduz, Elkarrekin Podemos-IU talde parlamentarioak legez besteko proposamen bat erregistratu du, hauxe eskatzeko Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari: Euskadin Garraioaren alorraz arduratzen diren agintari eta erakunde eskudun guztiekin batera adostu dezala garraio publikoetako jende muga, distantzia soziala bermatzeko eta COVID19aren kutsadura posibleak saihesteko, eta igo daitezela maiztasunak, herritarren desplazamendua bermatzeko, batez ere erabilera gehieneko orduetan.