Iñigo Martinezek inbertsio publikoa eta aberastasunaren birbanaketa eskatu ditu Europar Batasunaren aldetik.

Iñigo Martinez Ezker Anitza-IUko Arabako hautagaiak eta Izquierda Unidaren nazioarteko politikako arduradunak inbertsio publikoko eta aberastasunaren birbanaketako politika eskatu dio Europako Batasunari:

COVID-19ren krisiaren aurrean Europar Batasuna ematen dabilen erantzun eskasak ispiluaren aurrean jartzen du EB bera eta izaera existentzialeko krisira eraman dezake. Ispilu horretan islatzen da daukan  izaera insolidarioa, desorekatua eta ordezkatzen duen austeritate fiskal eta ekonomikoa.

Krisi honek balio izan du Ursula Von der Leyen, Europako Batzordeko presidenteak,  solemneki adieraz zezan Egonkortasunaren aldeko Itunari amaiera ematen diola, Europako herritarrei hainbeste kalte eta sufrimendu eragin dion Itun horri alegia. Erronka, orain, behin betiko ezabatzea eta berreraikuntzarako inbertsio publikoko eta aberastasuna birbanatzeko politika ausartak lortzea da.

Krisi existentzial hori trantsizio geopolitiko baten testuinguruan gertatzen ari da; trantsizio horrek, neurri handi batean, erdigunea Asiako kontinentera lekualdatu zuen. Testuinguru horretan, EBk, biztanleriaren %7 eta munduko BPGaren % 23a duenak, zein tokitan kokatu nahi den aztertu beharko du. Integrazio alternatiboa defendatzen dugunon aldetik, jarrera kontra-hegemonikoek aurrera egiteko aukera gisa ikus genezake egoera hau, baina ez da ahaztu behar ahulezia itzel batetik eta diskurtso insolidario eta autoritarioen oihartzun handiarekin egiten diogula aurre egoera honi.

Paradigmatikoa da krisiaren hasieran Italiak Europako Babes Zibileko sistema aktibatzea eskatu eta herrialde bakar batek positiboki erantzun ez izana. Paradigmatikoak dira osasun-materiala Batasuneko herrialdeen artean esportatzeko debekuak eta oztopoak. Kontraste gisa, Kubako brigada medikoak Italian eta Andorran lurreratu dira, eta Errusiako laguntza medikoko talde militar bat Italiako errepideetan ibili da.

Onartutako neurriak ez dira nahikoak, argi eta garbi ikusi dugu hori; izan ere, merkatuaren bidezko jardunaren logikari erantzuten jarraitzen diote: bankuak finantzatzen dabiltza, hauek estatuei, enpresei eta familiei emango dieten finantzaketarekin negozioa egiten jarrai dezaten. Berreraikitze-plan bat onartzea da behar duguna, pertsonak erreskatatzeko, zerbitzu publikoak berreraikitzeko, berrindustrializazio berderako funtsezko oinarri batzuekin, azken batean, ekonomia langileriaren eta planetaren interesen zerbitzura jartzeko.

Ildo horretatik doa proposatutako finantzaketa-mekanismoei egindako kritika. Adibidez, Egonkortasunerako Europako Mekanismoak (MEDE), krisiak gehien jo dituen herrialdeen zorpetzea ekarriko du, hala nola Espainiaren zorpetzea. Gainera,MEDEren beharra izango duten herrialdeen nolabaiteko estigmatizazioa emango da Europan,  herrialde horiek beren eginbeharrak ondo egiten jakin ez dituztela sentiaraziz eta orain ongi egin dutenen partetik “erdi-erreskatatuak” izan behar dutela erakutsiz.Honek, krisiaren izaera globalari ez erreparatzea dakar . Bestalde, Europar Batasunak beste finantza-tresna bat onartu zuen, SURE izenekoa, 100.000 milioi eurokoa, ERTEei estaldura emateko, adibidez. Hauek ez dira nahikoak. Iparraldeko herrialdeek ez lukete MEDE erabiltzea ere nahiko, eta horregatik mugatu dute 2019ko BPGren %2ko osasun gastuak estaltzera, eta, bestalde, proposatutako langabezia funts gehienak ez dira mobilizatutako funts berriak.

Neurri solidario eta komunitario batzuk Europako Banku Zentralak estatuak zuzenean finantzatzetik pasatu beharko lukete , Europako zor publiko mutualizatua sortuz, jada ezagunak diren koronabonuen bidez . Espainiako Gobernuak egin duen beste proposamen interesgarri bat izan da Europa berreraikitzeko funts bat sortzea, 1,5 bilioi eurokoa, estatu guztietako ekonomiei laguntzeko, batez ere kaltetuenei. Betiko zorraren formularekin finantzatuko litzateke, eta horrek, praktikan, hondamendi horretatik ateratzeko sortutako gastuaren zati handi bat mutualizatzea ekarriko luke, eta estatuak zuzenean finantzatuko lituzke. Mekanismo solidarioagoa litzateke, gehien dutenek gainerakoei eusteko ardura hartuko luketelako, inor atzean gera ez dadin .

Berriz ere, gure eskubide eta etorkizuna,merkatuen esku utzi nahi ez badugu, Europako alderdi ezkertiarrak, indar aurrerakoi, sindikal eta sozialekin batera, krisitik modu integratuan, solidarioan eta kooperatiboan irteteko eredua aukera gisa planteatu behar dugu,   bizitzaren iraunkortasuna erdigunean ezartzeko. Denok beste joko arau batzuekin jokatzen dugu, edo baloia zulatu egingo  da.