Elkarrekin Podemos IUk Osakidetzari eskatu dio bera ardura dadila zuzenean gaixoak anbulantzietan garraiatzeaz

Koalizioak galdera sail bat erregistratu du Eusko Jaurlaritzari egiteko anbulantzien sektoreaz

Elkarrekin Podemos IU talde parlamentarioak eskatzen du Osakidetzak “zuzenean bere gain har dezala anbulantzien garraioa” eta azaldu du “gero eta zentzu gutxiago duela publikoa izan behar lukeen zerbitzu bat azpikontratatzea”. Jon Hernández koalizioko bozeramailearen hitzetan, administrazioak “kontratuetako baldintzen pleguak betetzen direla zaindu behar luke, langileen lan baldintzen segimendua egin behar luke eta zerbitzua lehiaketara ateratzeari utzi eta zuzenean kudeatu; hori onuragarria izango litzateke langileentzat, erabiltzaileentzat eta administrazioarentzat berarentzat”.

Hernández gidari duela Elkarrekin Podemos-IU alderdien koalizioak galdera sail bat erregistratu du aste honetan Euskadin anbulantzien sektorea nola dagoen ikusarazteko. Hernándezen iritziz, “sektore hori administrazio publikoaren esleipenetatik bizi da; alde horretatik, enpresak prozesu luze bat igaro behar izaten du, eta baldintza jakin batzuk bete”.

Ezkerreko koalizioa ez dago ados enpresek kontratua lortzeko egin behar izaten duten “eskaintzen gerrarekin”; izan ere, hainbeste apaltzen dituzte baldintzak, gero ezin betez gelditzen baitira esperotako errendimendu ekonomikoa”. Halako moldez, ezen kontratua esleitu ondoren, negoziaketa prozesu bat etorri ohi baita enpresek subrogatu behar izaten dituzten langileekin soldatak berrikusteko eta langile kopurua doitzeko.

Gainera, gertatzen da finkaturiko baldintzak ez dituztela betetzen; hortaz, edo ez dira ordezkatzen baldintzen pleguetan finkaturiko kilometroak gainditzen dituztenean edo ez zaio ematen eskifaiari aginduriko kopurua, edo ez dago behar adina langile baldintzak betetzeko eta hitzarmenean jasota daudenak baino ordu gehiago lan egin behar izaten dituzte.

Galdera sailarekin, Jon Hernándezek azaldu duenez, “asmoa da ziurtatzea finkatu diren baldintzetan ematen dela zerbitzua, eta langileek baldintza egokietan dihardutela”. Sektore mota horretan, langileen egoera oso prekarioa izaten da, eta maiz ez dute jakiten nolako baldintzatan jardungo diren edo jarraituko ote duten enpresa berriak jarduteko politika aldatzen duelako; gainera, aurrekontu izugarri doitu batekin lan egiten dute, eta taldeak berritu gabe uzten dituzte, eta abar.

Horregatik, ezkerreko koalizioak Legebiltzarrean duen bozeramaileak hauxe eskatzen du: “Lantaldeek ez ditzatela beren gain hartu eskaintzetako prezioak; ardura enpresek hartu behar dute, haiek langileen bizkar atera nahi izaten baitute etekina, edo administrazioek hartu behar dute, ez baitute gaiaz ezer jakin nahi izaten. Onartezina da, pandemiaren erdian, sektoreko langileek ez izatea NBErik, kontuan izanik langileek kontaktu zuzena izan behar dutela gaixoekin, eta TSJPVk behartu behar izatea enpresari ekipamendua ipintzera”.

Eta hori ez da gertatzen bakarrik Euskal Autonomia Erkidegoan, Hernándezek aitortu duenez, izan ere, “sektore horretako enpresek ez dituzte eskaintzak egiten egoitza duten probintzian bakarrik, baizik eta estatu osoan kontratu bat lehiara ateratzen den bakoitzean, delako probintzian presentziarik izan gabe ere; izan ere, beste kontratuekin orekatzen dituzte eskaintzen gerra horretan estutzen dituzten etekin marjinak”. Hori dela eta, enpresak elkartu egiten dira, are eta enpresa handiago bat osatzeko; hala, “elkarri ez erasotzeko” itunak egiten dituzte lurraldeak elkarren artean banatuz.