Elkarrekin Podemos-IUk Osakidetzako langile kopurua handitzea nahi du koronabirusak dirauen artean, eta lehen mailako arretan diharduten postuak indartu.

  • Talde parlamentarioak hauxe ere eskatu du: “Aurrekontuetan ildo bat diseinatzea pixkanaka handitzeko Osakidetzaren finantzabidea BPGaren %8ra iritsi arte eta kanpora ateratzen diren zerbitzuen ehunekoa gutxitzea, osasun zerbitzu guztiak zuzenean kudeatuak izan daitezen

Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideek, Cristina Macazagak, Jon Hernandezek, Lander Martinezek eta Yahcov Ruizek, legez besteko proposamen hau aurkeztu dute berehala eztabaidatua izan dadin Diputazio Iraunkorrean, Covid-19aren inpaktua dela-eta Osakidetza indartu behar delakoan. Koalizioaren proposamena Eusko Legebiltzarreko mahaira zuzenduko dute. Hala, eskatuko dute Osakidetzako langile kopurua zabaltzeko koronabirusaren krisiak dirauen artean, eta langile horiek lehen mailako arreta indartzeko izatea. Horrekin batera, sindikatuen ordezkaritzarekin negoziatzeko eskatzen dute, zertarako eta, besteren artean, bai Osakidetzako langileek eta bai enpresa osagarriek konpentsazio neurriak jaso ditzaten eta atsedena hartzeko modua izan dezaten.

Ezkerreko taldeak aurkezturiko ekimenean, hau ere aipatu dute: “Covid-19aren pandemiak nola jo gaituen ikusita, agerian gelditu da nolako indarguneak eta gabeziak dituen gure osasun sistema publikoak”. Ahulguneen artean “ikusi dugu osasun krisi honi aurre egiteko Osakidetzako profesionalek nolako gabeziak eta arazo nagusiak dituzten”. Diotenez, gabezia eta ahulgune horiek “premiaz zuzendu behar dira pandemiari aurre egiten jarraitzeko, oraindik gure artean baitago, eta gure osasun sistema behar bezala prestatu behar da beste agerraldi bat egiten badu ere”.

Hernandezek, beste behin ere, hauxe esan du: “Euskadin osasun arloan diharduten profesionalei asko handitu zaie lan zama joan deneko bi hilean Covid-19aren pandemia dela kausa”. Ezker Anitza-IUko legebiltzarkideak, berriz, hauxe azaldu du: “Osakidetzako langileek ahalegin eskerga egin dute gizarte osoaren mesedetan, eta aitortu egin behar zaie, baina horrek akidura fisiko eta psikologiko handia ekarri die”. Horregatik, “arin jokatu behar dugu, eta enplegua sendotu, behin-behinekotasun tasa nola gutxitu sindikatuen ordezkaritzarekin negoziatuta eta adostuta”.

Langile gehiago

Hernandezek honela esan du amaieran: “Osakidetza langile gehiagoz hornitu beharra dago, langileak Covidarekin jasaten ari diren estres eta lan zama ikaragarri hori arinduko bada eta atseden emango bazaie”. Eta hauxe gaineratu du: “Birusak beste agerraldirik egiten badu, Osakidetzak izan ditzala horrelako egoerak saihesteko behar diren baliabide guztiak”.