EAJ Legebiltzarreko Mahaia alderdikeriaz erabiltzen ari da oposizioaren ekimen politikoa mugatzeko, salatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk.

  • Mahaiak ez ditu EH Bilduren legez besteko bi proposamen tramitera onartu eta Elkarrekin Podemos-IUren jarduera politikoa blokeatzen jarraitzen du. Eba Blancok eta Jon Hernandezek EAJ eta PSEri egotzi diete “Mahaian duten gehiengoa oposizioaren lana eragozteko eta Jaurlaritza babesteko baliatzea”.

EAJ eta PSEk Legebiltzarreko Mahaian duten gehiengoa baliatu dute gaur EH Bilduren legez besteko bi proposamen atzera botatzeko, tramitatu gabe, eta aldi berean Elkarrekin Podemos-IUren jarduera politikoa blokeatzen jarraitzen dute, legez besteko proposamenak aurkezteko eta beste taldeenak zuzentzeko aukera itxita. EH Bilduren proposamenei dagokienez Eba Blancok azaldu duenez, “krisi egoera honetan gezurra dirudien arren, esan digute ez dela premiazkoa aztertzea zein diren hartu beharreko neurriak Osakidetza deseskalada faserako prestatzeko, hala nola lehen faseko kontratazioak mantentzea, Lehen Arreta eta Zainketa Intentsiboko Unitateak indartzea edota ohe kopuruak berraztertzea. Eta erantzuna berbera izan da bigarren proposamenaren kasuan, ez dela premiazkoa datorkigunari aurre egiteko estrategia elkarlanean diseinatu eta adostea”.

Eba Blanco EH Bilduko legebiltzarkidearen eta Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUkoaren esanetan, “gaurkoa aspaldikoa den EAJren estrategia politikoaren azken adibidea izan da: Legebiltzarreko Mahaia alderdikeriaz erabiltzen ari da oposizioaren ekimen politikoa oztopatu eta mugatzeko. PSErekin batera, organo horretan duten gehiengoa oposizio osoaren lana eragozteko eta Jaurlaritzaren irudia babesteko baliatzen dute etengabe, Urkullurentzat deserosoak diren debateak saihesteko”.

Blancok eta Hernandezek Bakartxo Tejeria presidenteak egoera honetan duen ardura azpimarratu dute bereziki. “Legebiltzarreko presidente gisa, Tejeriaren erantzukizuna Legebiltzarrak krisialdi honetan berez izan beharko lukeen protagonismoa aktibatzea eta bete beharko lukeen funtzio garrantzitsua sustatzea da, baina hori egin beharrean, kontrakoa egiten ari da; bere helburua Legebiltzarra desaktibatzea izan da hasieratik, ahalik eta desagertuen egon dadila, horixe delako Urkullu eta EAJri gehien komeni zaiena”.