Elkarrekin Podemos-IUk “rider”-en babesa bermatzeko eskatu du Covid-19aren transmisioaren harira

  • Gaur aurkeztuko dute legez besteko proposamen gisa eztabaidatzeko. Eskatzen dute Glovo, Uber eta enpres horietako langileekin, hau da, “rider” delakoekin dagoen gehiegikeria eta babes gabezia amaitzeko

Elkarrekin Podemos-IU talde parlamentarioak gaur Eusko Legebiltzarrean aurkeztu duen legez besteko proposamenarekin, “paketeriako eta etxera banatzen aritzen diren garraio enpresetako langileak edo rider-ak babestea” nahi dute, Covid-19a dela eta. Jon Hernandez koalizioko bozeramaileak dioenez, “langile horiek lehendik gehiegikeriak pairatzen ari baziren eta babes gabezian baziren, orain makurrago daude, osasun larrialdi honetan”.

Ezkerreko aliantzak gaur eskatu du Eusko Legebiltzarrean legez besteko proposamen bat onar dezala Diputazio Iraunkorraren hurrengo gai zerrendan, zertarako eta “paketeriako eta etxera banatzen aritzen diren garraio enpresetako langileak osasun larrialdi honetan babesteko, Covid19tik eta lanean pairatzen dituzten gehiegikerietatik”. Ekimena dakarren testuan, zera proposatu dute: “larrialdiko eta berehalako” plan bat egitea, paketeriako garraioan diharduten eta janaria etxera banatzen duten enpresak zaintzeko eta kontrolatzeko; besteren artean, kolaborazio bidezkoak esaten zaien plataformak, hau da, Glovo, Deliveroo, UberEats eta halakoak.

Elkarrekin-Podemos-IU azaldu duenez, lan horiek “mugikortasun handikoak dira, eta kontaktu zuzena eta etengabea dago bezeroekin”. Hori dela kausa, Covid 19ak jotzeko eta transmititzeko arriskua dute “beste sektore batzuetan baino modu zuzenagoan”. Horregatik, haien ustez “neurriak ezarri beharra dago, eta behar diren baliabideak eman sektore horietako langileen segurtasuna bermatzeko eta aktibitatea eteteko baldin eta segurtasuna bermatzerik ez badago”.

Gainera, alderdiek hauxe ere gogorarazi nahi dute: “Muturreko prekarietatean daude sektore horretako langileak, eta orain, gainera, enpresak alarma egoera aprobetxatzen ari dira aldebakartasunez jaisteko langile horiei lehendik ematen dieten sari urria”. Hori dela eta, “Espainia osoan sektoreari protestara eta grebara deitu diote apirilaren 22rako”. Hernandezez iritziz, “kontratuzko harremanetik dator gehiegikeria; izan ere, autonomo eran aritu behar dute eta ez langile eran, epaileek behin baino gehiagotan esan duten bezala”.

Horregatik egin nahi du koalizioak “larrialdiko eta berehalako” plan bat, paketeriako garraioan diharduten eta janaria etxera banatzen duten enpresak zaintzeko eta kontrolatzeko; hor sartzen dira kolaborazio bidezkoak esaten zaien plataformak. Gainera, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berma dezala “garraio enpresek, paketeriakoek eta janaria etxea banatzen dutenek behar den materialarekin hornitzen dituztela langileak Covid19rik harrapa ez dezaten, baita lan jarduera bera etenda ere baldin eta ez badago segurtasun hori bermatzerik”.

Azkenik, “premiazkoa da” mekanismoak jartzea norbere kontura aritzen direnak soldatapeko bihur daitezen; izan ere, gaur egun, “kolaboraziozko ekonomiakoak” esaten zaien plataformek autonomo jardutera behartzen dituzte. Horregatik, “autonomo faltsuekin egiten den iruzurrari amaiera” eman diezaiola esan dute bukaeran.