EHUk Covid-19a detektatzeko atera duen testa nola ezarriko duen galdetu dio Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari

  • “Ikerkuntzak eta zientziak duten garrantzia balioetsi nahi ditugu, baita unibertsitate publikoak gizartearen ongizatean izan dezakeen egiazko inpaktua ere.

Elkarrekin Podemos-IU talde parlamentarioak eskari bat egin dio Eusko Jaurlaritzari, martxan jar dezala EHUko ikertzaileek sortu duten RT-PCR testa. Horri esker, COVID-19a detektatu ahalko du, eta euskal sistemak diagnostikorako testen kopurua handitu ahalko du, OMEk gomendatu bezala. Jon Hernandez koalizioko eledunak honela esan du: “Gure ustez, Eusko Jaurlaritzak buru altxatu behar luke testen aferan, eta, enpresa pribatuei bakarrik begiratu gabe —orain arte hori egiten ari baita—, unibertsitate publikoko 55 ikerlarik garaturiko proposamena herritarren eskura jarri”.

Eusko Legebiltzarrean galdera sail bat erregistratu du koalizioak, eta horren bitartez galdetu dio Eusko Jaurlaritzari “ea planik baduen EHUko zenbait sailetako zientzialariek eraturiko testak gizarteratzeko”.

Talde parlamentarioko legebiltzarkideek hauxe eskatu diote Eusko Jaurlaritzari: “Egin dezala plan bat ikertzaileen komunitateak garatu duen testa erabiltzeko eta Euskadin ikerkuntza zentroetan garatzeko; izan ere, orain arte, Urkulluk ez du interes handirik erakutsi”.

Galderen bitartez, Elkarrekin Podemos-EBk balioan jarri nahi du “EHUko zenbait sailetako zientzialariek, Ikerbasquek, Achucarrok eta Biofisika Bizkaia Fundazioak elkarrekin egin duten lana, zeinak Biocruces Bizkaia eta Bioaraba institutuetako ikertzaileekin jardun baitira. Izan ere, “RT-PCR test bat eratzea lortu dute COVID-19a detektatzeko. Horri esker, euskal sistemak diagnostikorako test kopurua igo ahalko du, OMEk gomendatu duen bezala”.

 

Azkenik, bere egin dituzte Bizkaiko Medikuen Elkargoko salaketak eta sindikatuenak, zeren eta “horrek erakusten du ez dagoela test nahikorik ezta funtsezko langileriarentzat ere. Proba horiek ezinbestekoak dira normaltasunera itzultzeko, eta gaitzaren agerraldi berriak kontrolatzeko; gainera, egoitzetan nola dauden jakiteko ere balioko luke. Beraz, horiek egiteko gaitasuna handitzea lehentasunezkoa da”.