Ezker Anitzak bere jarduera publiko guztia bertan behera uzten du, Osasun publikoa ezinbestekoa dela agerian uzten ari den krisi baten aurrean.

Ezker Anitzak bertan behera utzi du bere jarduera publiko guztia, eta jakinarazi du egoitzak itxita mantenduko direla eta langileek telelanaren bidez lan egin ahal izango dutela edo adingabeak zaintzeko baimen ordainduak jaso ahal izango dituztela.

COVID-19k edo Coronavirusak eragindako larrialdi sanitarioaren ondorioz, Ezker Anitzak bertan behera utzi ditu bere jarduera publiko guztia eta egun hauetarako programatutako Elkarrekin Podemos-IU koalizioaren hauteskunde aurreko ekitaldiak. Era berean, erakundeak datozen asteetan egingo dituen bilerak bideo konferentzia bidez egingo dituzte.

Erakunde politikoak jakinarazten du, halaber, egoitzak jendearentzat itxita egongo direla, eta adingabeak ardurapean dituzten langileek baimen ordaindua izango dutela ikastetxeen itxieraren aurrean kontziliazioa bermatzeko, gainerako langileek telelanaren modalitatean lan eginez.

Ezker Anitzak ere Osakidetzako langileak zoriondu nahi izan ditu, bere profesionaltasunagatik eta Covid-19k sortutako krisi honetan egindako lanagatik. Beste behin ere, agerian geratu da osasungintzaren baliorik garrantzitsuena bere profesional bikainak direla, giza baliabideen kudeaketagatik aspalditik jasaten dituzten tratu txar administratiboak gorabehera, une korapilatsu hauetan erantzukizun osoz erantzuten ari direnak.

Krisi honek agerian uzten ari da osasun publikoa ezinbestekoa dela eta herritarrei asistentzia egokia ziurtatzeko gai den bakarra. Hala ere, krisi-garai hauetan, beharrezkoa da eskura ditugun baliabide guztiak erabiltzea herritarrei laguntza bermatzeko, osasun publikoa langile gehiagorekin eta bitarteko gehiagorekin indartuz, une oro langile guztientzako lan-baldintza ezin hobeak bermatuz, horiek baitira egoera honetan segurtasun-berme nagusia.

Halaber, Ezker Anitza-IUk uste du osasun-zentro pribatuak osasun-agintarien esku jarri beharko liratekeela, borondatez edo haien aginduz, beharrezkoa denean.

Azkenik, Ezker Anitza-IUk zuhurtziazko neurriak hartzea eskatu du, betiere lasaitasunetik, eta osasun-agintarien aholkua jarraitzea, guztion ardura baita birusa ez zabaltzea, kutsatzeak eta heriotzak saihestuz, gure ohiko jarduerak ahalik eta lasterren berreskuratzeko.