Ezker Anitza-IUk primarioen prozesua abiatu du EAEko hauteskundeei begira

Ezkerreko alderdiak militanteek eta jarraitzaileek aurrez aurre eta on line parte hartu ahal izango duten prozesua ireki du

Ezker Anitzako Euskadiko Koordinakundeak, asteburu honetan, barne hauteskunde primarioak deitu ditu Eusko Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeetara. Prozesua modu koordinatu eta bateratuan egingo da Euskadiko hiru lurralde historikoetan.

“Orain Ezker Anitzako militanteei eta jarraitzaileei dagokie hauteskunde zerrendak osatuko dituzten pertsonak aukeratzea, betiere gure Funtzionamendu Printzipioek islatzen duten bezala ahalik eta adostasun handiena eta aniztasunarekiko errespetua lantzen saiatuz”, adierazi du Isabel Salud Ezker Anitzako koordinatzaileak.
Abalak jasotzeko epea gaur hasiko da, otsailaren 10ean, eta otsailaren 16ra arte luzatuko da. Boto-emaileen erroldak otsailaren 13an itxiko dira.

Abalen bilketa amaitu eta balizko hautagaitzak aurkeztu ondoren, behin-behinean aldarrikatuko dira otsailaren 17an ezarritako baldintzak betetzen dituzten hautagaitzak.
Hauteskunde kanpaina, izatekotan, otsailaren 18tik 22ra bitartean egingo da.

Online bozketarako, otsailaren 23an, 24an eta 25ean finkatuko dira, eta aurrez aurreko bozketarako, Ezker Anitzaren egoitzetan, otsailaren 26an, asteazkenean. Horren ostean, otsailaren 27an behin-behineko emaitzak zenbatu eta aldarrikatuko dituzte.
Erreklamaziorik edo zuzenketarik ez badago, behin betiko aldarrikatuko dira emaitzak otsailaren 27an bertan, eta emaitza hori berretsi egingo da otsailaren 29an egingo den Ezker Anitzaren Euskadiko Koordinakundean.