Elkarrekin Podemosek ekimen bat bultzatu du Eusko Legebiltzarrean, Erorien Haraneko euskal biktimen gorpuzkiak hobetietatik atera eta Euskadira itzularazteko

Elkarrekin Podemosek pozik hartu du Eusko Legebiltzarrak legez besteko proposamen hori onartu izana, zeina koalizio honen eta EH Bilduren ekimenezkoa izan baita eta PPren kontrako botoa jaso baitu. Ekimenaren arabera, Erorien Haranean bidegabeki ehortzi zituzten euskaldunen gorpuzkiak Euskadira itzularazi behar dira, eta erantzukizunak argitu; horrela emango baitzaie egia, justizia eta erreparazioa frankismoak gizateriaren aurka egindako krimenen biktimei, “duintasun demokratikoagatik eta giza duintasunaren eskubiderik oinarrizkoenak defendatzeko premiagatik”.

Honela mintzatu da Jon Hernández, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea: “Hobi komun handi bat dago, milaka pertsonaren gorpuzkiekin, beren familiakoen borondatearen kontra, eta hori giza eskubiderik oinarrizkoenen aurka doa”.

Gainera, Hernándezek azpimarratu duenez, “Hor dagoen mausoleo handi hori, diktadura, diktadorea eta ideia totalitarioak goresten, nola eta haiek inposaturik errepresioaren eta jazarpen muturrekoaren bidez, ezin onartuzkoa da eta demokraziaren aurkakoa”.

Ezkerreko euskal koalizioak esan duenez, herrialde demokratiko batean ezin du lekurik izan eraikuntza makabro horrek, zer eta esklaboen lanarekin egina, kolpezaleak omentzeko, zer eta legezkotasun demokratikoa amaitu zutenek egina, diktadura erregimen bat ezartzeko, zer eta 40 urtez askatasun zibilak, politikoak, sinesmenena, orientazio sexuala eta eskubide demokratikorik oinarrizkoenak txikitu zituena. Hori ez da bateragarria demokraziaren baliorik oinarrizkoenekin eta giza eskubideen errespetuarekin.

Hala, Elkarrekin Podemosek proposatu duen bezala, Eusko Legebiltzarrak onartu du Gobernuari eskatzea premiaz berma ditzala haranean diren euskal jatorriko biktimen gaineko egia, justizia, memoria eta erreparazioa, eta gorpuzkiak hobietatik atera eta familiakoek nahi duten lekuan lurpera ditzatela merezi duten ezagupena izan dezaten. “Biktimek merezi dute ezagupen hori. Zeren eta ez dago demokrata izaterik antifaxista izan gabe”, esan du Hernándezek.

Bestalde, Jon Hernándezek nabarmendu nahi izan du nolako normaltasunez erakusten dituzten frankistek diktadurako eta nazional katolizismoko sinboloak eta ziurtatu du erakundeek eta agintari publikoek onartu egiten dituztelako gertatzen dela hori.