Elkarrekin Podemosek 2019ko aurrekontuen garrantzi sozial txikia salatu du, akordio bat egiteko beharrezko afera

Elkarrekin Podemosek dioenez, euskal aurrekontuak urtez urte txikitu egiten dira Euskadiko BPGaren hazkundearekin aldeeratuta; gaur egun, haren %14 baino ez dira. “Horrek esan nahi du euskal aurrekontuek euskal herritarren lan baldintzak eta bizitza hobetzeko gaitasun txikiagoa dutela”, adierazi du Julen Bollainek. Horrek erakusten du euskal aurrekontuek eragin txikiagoa izango dutela enplegua, industria eta gizarte laguntzak hobetzeko, eta, beraz, baita oraingo desorekak borrokatzeko ere, hala nola aberastasuna, lan prekarietatea, pobrezia arriskua eta genero desorekak. Horrez gain, Elkarrekin Podemosek nabarmendu du EAJk eta PSEk uko egin diotela zerga erreforma progresibo bat egiteari, eta PPrekin 2017an itundutako enpresa handien mesederako zerga erreformaren alde egin dutela, eta horrek gastu soziala igotzea eragozten du. “Zerga erreforma hedatzaile bat egingo bagenu, %2,7ko gastuaren hazkunde-muga gaindituko genuke, hori baita EAJren botoekin Madrilen onartu duten eta ezarri diguten gastu araua. Horregatik, gure proposamena, zerga erreforma bati lotua dago; hari esker, gastua handitu ahalko genuke eta langileen eta herritarren aldeko politikak hobetu”, nabarmendu du Bollainek. Hezkuntza politikei dagokienez, Elkarrekin Podemosentzat aurrekontuek erakusten dute, beste behin, Eusko Jaurlaritzak ez duela egiten hezkuntza publikoaren alde, hezkuntza sistema ardatz nagusitzat hartuta, baizik eta hezkuntza hitzarmenak indartzen eta zabaltzen jarraitzen duela. “Gure taldea borrokan ari da Euskadik hezkuntza sistema ekitatibo bat izan dezan eta aukera berdintasuna eta kohesio soziala bermatuak izan daitezen; horretarako, ordea, hezkuntza publikoa indartu eta lehenetsi beharra dago, eta ez diru publikoa hezkuntza pribatuari eman”, esan du Iñigo Martínez Zatónek. Gizarte politikei dagokienez, berriz, koalizioak iritzi dio propaganda hutsa direla neurriak, eta ez dutela euskal herritar guztien ongizatea ekartzen. “Oraindik konpontzekoak ditugu Lanbideren erreforma eta DSBEarena. Inklusioaz ari dira baina gero jende gutxiren onura dakarten neurriak baino ez dituzte proposatzen, eta enplegu prekarioa gizentzen dute horrela; gainera, gizakiak erabiltzeko ikuspegi hori kezkagarria da”, esan du Tinixara Guanchek. Elkarrekin Podemosen ustez, Ekonomiaren Garapen sailak 2019. urterako prestaturiko aurrekontuek ez dute balioko euskal ekonomian dagoeneko nabari den moteltzeari buelta emateko. “Aurrekontu batzuetan okerrena zera da, garapen ekonomikoa pizteko asmotan prestatzea kontuak eta gero ez balio izatea helburu horretarako, kasu honetan bezala”, esan du Joserra Becerrak.

Ezkerreko euskal koalizioak salatzen du euskal ekonomiak bere bideari darraiola eta aurrekontu milioidun honek ez duela balioko baizik eta entitateek galdu dituzten milioiak elikatzeko; horiek dira euskal Administrazioaren egiazko zulo beltzak; horra hor, esaterako, SPRILUR, Euskadiko Hidrokarburo Baltzua eta Euskadiko Estrategia Logistikoa. “Aurrekontu honek ez du argitzen nola lagunduko zaion La Navali eta halako zailtasunetan diren enpresei, eta 250 milioi euroko funtsa ere, hainbeste aldiz iragarri dutena Euskadin enpresak errotzeko, ez dakigu zein baldintzekin ezarriko duten”, esan du Becerrak, eta hauxe gaineratu du: “12 milioi besterik ez dago erkidegoan premia gehien dituzten eskualdeak pizteko plan ospetsurako”. Etxebizitzari dagokionez, kontuan hartu beharreko zenbait puntu kritiko daude. Lehenik eta behin, sailak genero analisi urria egiten du planak gauzatzen dituenean, eta ez du kontuan izaten berdintasuna sustatzeko giltzarrizkoa dela, emakumeen autonomia indartzeko eta haiek eta haien seme-alabak babesteko indarkeria matxistaren prozesuetatik ateratzen direnean. Bigarrenik, alokairu merkearen eskaintza urria da; ez dira mobilizatzen etxe hutsak, eta ez dago esku sartzerik ere etxebizitzaren merkatu pribatuan. Hirugarrenik, Eusko Jaurlaritzak aurten ere uko egin dio etxebizitzaren eskubide subjektiboa osorik betetzeari; eta azken elementu bat ere nabarmendu du Iñigo Martínez Zatónek: “Nola sumatzen den neurri sakonen falta iaz EAEn izan diren 1.196 etxegabetzeei aurre egiteko”. Azkenik, ingurumenari dagokionez, Elkarrekin Podemosentzat ulertezina da obra hidraulikoak, ur hornidurazkoak eta saneamenduzkoak egiteko sailak iazkoen kopuru bertsuetan egotea, nahiz eta inbertsio horiek gure Erkidegoan defizita pilatua izan. Horrek erakusten du, 2019koaren moduko aurrekontu hedatzaile hauetan, ingurumen politikak ez direla garrantzitsuak Gobernuarentzat.