Etxebizitza sailean paralisia dagoela salatu du Elkarrekin Podemosek

Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzari eskaria egin dio, berehala har dezala 22.000 etxe hutsak mobilizatzeko lidergoa Etxebiden eskean ari diren 62.000 lagunentzat, nola eta udalekin koordinatuta eta behar diren baliabideak eskura ipinita.

“Ezin onartuzkoa da, Auzitegi Konstituzionalak epai bidez etxe hutsen erregistroari etenaldia kendu dion honetan, ez martxan jartzea lehenbailehen etxe hutsen inguruko araudia, eta zain egotea urtebete baino gehiago Arriola Etxebizitza sailburuak asmotan darabilen bezala”, esan du Elkarrekin Podemoseko Martinez Zaton legebiltzarkideak.

Euskal ezkerreko koalizioarentzat, VISESAk lan eskasa egin du 502 etxe errenta ipinita eta 666 salmentan. Dioenez, gainera, Etxebiden izena eman duten %81,2k alokairua eskatzen dute, eta ez dago ulertzerik lehentasuna salmentari ematea eta ez alokairuari.

“Etxebizitza saila ez da gauza izan 5.500 etxeen muga gainditzeko, Bizigune, ASAP eta horrelako programetan, hori planteatzen baitzen 2018rako; horren ordez, 4.639tan gelditu da Bizigune eta 209tan ASAP; eta, hala ere, 2019rako 6.400 etxetara iristea proposatu du”, esan du Martinez Zatonek; hauxe ere gaineratu du: “Ez badago apustu garbi bat etxe hutsak mobilizatzearen alde, ezinezkoa da helburu hori betetzea”.

Hori dela medio, Elkarrekin Podemosek zenbait ekimen proposatu ditu etxe duin bat izateko eskubide subjektiboa ziurtatze aldera euskal herritar guztiei, eta eskatu du 2019ko aurrekontuetan diru sail batzuk bereizteko etxebizitza eskubidea bermatze aldera eta etxe hutsak mobilizatze aldera.

Hala, legez besteko proposamen bat erregistratu du, alokairuen prezioen gaineko adierazle bat ezartzeko, zeina maiztasunez eguneratu eta doitu ahalko baita irizpide objektiboak eta ez espekulatzaileak erabiliz; proposamen hori zerga politiketarako ere erabili ahalko da.

“Egiaztatua dugu etxeen batezbesteko errentak 2013tik %19ko bariazioa izan duela Euskadin; hala, lehen 825,4 euro zirena 983,3 euro dira orain”; hortaz, igo egin da %5 Bizkaian, %12,5 Araba eta %22,8 Gipuzkoan.

Horrez gain, legez besteko proposamen bat erregistratu du, Bitartekariaren Bulegoa sortzeko; bulego horrek zenbait zerbitzu emango lituzke batera, zertarako eta: gela baten premian dagoenari erantzuteko, hipotekaren arloan prebentziozko informazioa emateko eta zor handiegia dutenen kasuan aholkularitza emateko, etxebizitzaren merkatuko gehiegikeriei aurrea hartzeko eta bere ohiko etxea kendu zaienei laguntza emateko.

“Espero dugu Azpiazu jaunak etxebizitzaren arloan egin ditugun aurrekontu proposamenak aintzat hartzea eta ez puztea zenbakiak era maltzurrean atzo berdintasun politiken arloan salatu genuen bezala”, esan du amaitzeko Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinez Zaton legebiltzarkideak.