Arantza González, Israel Escalante eta Jose Damian Garcia-Moreno Ezker Anitza-IUren zerrendaburuak Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Batzar Nagusietarako

Hauteskunde primarioen barne-prozesua egin ondoren, Ezker Anitza-IUk zerrendaburuak aurkeztu ditu astelehen honetan alderdiaren Bilboko egoitzan. Hautagaiak Ahal Dugu eta EQUO-Berdeak indar politikoekin batera osatuko dituzte datozen 2019ko Foru hauteskundeetarako zerrendak, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Batzar Nagusietarako, hain zuzen. Isabel Saludek, Ezker Anitza-IUko Koordinatzaile Orokorrak, adierazi duen bezala, Gipuzkoako zerrendaburua Arantza Gonzalez izango da. Bizkaikoa, aldiz, Israel Escalante eta, azkenik, Jose Damian Garcia-Moreno, Arabako zerrendaburua.

Saludek esan du Ezker Anitza-IUren hautagaiak erakundeak pertsonen bizitza hobetzeko tresna baliagarriak bihurtzeko lan egingo dutela, lan duina eta kalitatezko zerbitzu publikoak egon daitezen. “Gogorarazi behar dugu Aldundiak fiskalitatea arautzen dutela eta hori erreminta boteretsua dela aberastasuna birbanatzeko era justu batean”, esan du Saludek, “gaur egun, hori ez da gertatzen EAJ-PSEk zuzentzen dituztelako”. “Euren eredu ekonomiko eta soziala kapitalismoa da, elite ekonomikoen pribilegioetan eta desparekotasunean oinarrituta”, gaineratu du. “Gure hautagaiekin aldarrikatu nahi ditugu erakunde irekiak, kristalezko hormekin, eguzkia eta airea sar dadin, gardentasun osoz”, azpimarratu du Ezker Anitza-IUko Koordinatzaile Orokorrak, “ustelkeriarekin eta kutxa publikoaren ustiapenarekin bukatu nahi dugu; azken finean, gure dirua da, herritarrena, euskal langile-klasearena”.

Arantza Gonzalezek dioenez, “Gipuzkoa gero eta aberatsagoa da, baina aberastasun hori ez da era justuan banatzen, EAJk eta PSEk elkarrekin ados jarri baitira aberatsek zerga gutxiago ordaintzeko”. “Adibide argi bat: enpresa handien etekinei lotutako zergak jaitsi dituzte %28tik %24ra eta 15 milioi euro urtean barkatu dizkiete lurraldeko 38 pertsona aberatsenei”, salatu du. Gonzalezek gogorarazi du Gipuzkoan pobreziak emakume aurpegia duela, “langabetuen %59a emakumeak dira, DSBE jasotzen dituzte %57k, soldata arrakala 7.500 eurokoa da, Euskadiko altuena”. “Hala ere, ez EAJk ezta PSEk ere ez diote egoera horri buelta emateko deus ere egin”, kritikatu du Gipuzkoako hautagaiak.

Israel Escalante Ezker Anitza-IUko Bizkaiko hautagairen esanetan, “berebiziko garrantzia du, kapitalaren interesak baztertuz, herritarrak protagonistak diren Bizkaia garatzea”. “Lehentasuna izan behar du ingurumena errespetatzeak eta ez aurrekontuei baldintzatutako kontua”, gaineratu du.

Azkenik, Jose Damian Garcia-Moreno, Arabako hautagaia, “gizarte-zerbitzuak bermatzeko fiskalitate justuago baten alde agertu da, lurraldeko prekarietatearekin eta langabeziarekin bukatzeko”.

HAUTAGAIEN BIOGRAFIAK

Arantza Gonzalez Garcia, Ezker Anitza-IUko Gipuzkoako Koordinatzailea, Beasainen jaio zen orain dela 54 urte eta duela hiru hamarkada Pasaian bizi da. Gipuzkoako batzarkidea eta Batzar Nagusietako mahaikidea izan zen 2007-2011 legegintzaldian. 15 urtez IUko militantea, Zuzendaritza eta Administrazio Idazkaritzan diplomatua da; banku-sektorean 18 urteko eskarmentua du, hala nola merkataritza, eraikuntza eta elikadura esparruko hainbat enpresatan.

Israel Escalante Meson, 37 urteko barakaldarra, IUn militatzen hasi zen 1999an. Gaur egun Ezker Anitza-IUko Bizkaiko Antolatzailea da eta PCE-EPKko Kanpo Saileko arduraduna. PCE-EPKn ez ezik, ikasle mugimenduan eta hainbat mugimendu sozialetan lanean aritu da; hala nola, globalizazioaren kontrako eta nazioarteko solidaritatearen aldeko plataformak. ESK sindikatuko afiliatua, Lan Harremanetako ikasketak administratibo lanarekin uztartzen ditu gaur egun; lan ugarietan aritu da, gehienak ostalaritzarekin lotuta.

Jose Damian Garcia-Moreno Lopezek 37 urte ditu; Irabazi Arabako batzarkide taldeko bozeramailea da eta Ezker Anitza-IUko Arabako Koordinatzailea ere. Madridejosen jaio zen, Toledon, eta udalerri horretako IUko zinegotzirik gazteena izan zen 2007 eta 2011 bitartean. Ordezkaritza sindikalean ibili da, CCOO sindikatuan, Puertas Docavi enpresa-batzordean, eta kide aktiboa da hainbat talde ekologistetan, trenbide publiko, sozial eta jasangarriaren aldeko mugimenduan, besteak beste.