Elkarrekin Podemosek esan du Darpon sailburuak kargua utzi behar lukeela kudeaketa txarra egin duelako Osakidetzako espezialitate medikoetarako EPEen iruzurrean

Urriaren 10ean osasun batzordea elkartu zen Legebiltzarrean, Osasun sailburu Darponek azalpenak eman zitzan zer eman duen Osakidetzaren ikerketak 2016-2017ko EPEen iruzurraren harira.

Elkarrekin Podemosek, auzitegietako aktak eta Osakidetzaren informazio-espedientea eskuraturik, argi ikusi du administrazioak bazuela filtrazioen berri azterketak egin aurretik eta ez zuela ezer egin.

Gainera, ezkerreko koalizioaren ustez, iruzurra azaleratuko luketen frogak ezkutatu dituzte, eta inork ez du erantzukizunik hartu bere gain gertatuak gertatu; aitzitik, lehiakideak bi aldiz zigortu ditu, azterketak berriz egin behar izan baitituzte inolako bermerik gabe.

“Elkarrekin Podemosen ustez, oso larria da gertaera hori, eta Lehendakariari eskatzen diogu kargugabetu dezala Darpon, oraindik ez baita kargu uzterik gertatu”, esan du Macazaga parlamentariak.

Elkarrekin Podemosek aurpegiratu egin dio Urkulluri ez duela harturiko konpromisorik bete, zin egin baitzuen azkenera arte ikertuko zituela gorabeherok; alabaina, ikerketaren karpeta itxi du, Osakidetzan denek ezagun duten klientelismoa ezkutatu besterik egin ez duen ikerketa.

Macazagak salatu duenez, “ikerketak ez du ezer argitu, eta ez du erantzukizunik egozteko balio izan. Osakidetzak eraman duen iruzurrezko ikerketa honetan, erantzule gorenak erantzun egin behar luke”.

Osakidetzako EPEen iruzurrean parte hartu dutenek uztearena

Elkarrekin Podemoseko Juan Luis Uria parlamentariak esan du Osakidetzak ezin duela egin “ezertxo ere gertatu ez balitz bezala” EPEetako iruzurra zenbaterainokoa den ikusita, ehunka profesional jo baititu.

“Gutxieneko bat litzateke iruzurrean parte hartu dutenak kargugabetzea, bai baitaude iruzurra izan delako zantzuak. Etika zer den ez dakiten eta boteregune izan nahi duten zerbitzuburu horiek ez dute erantzukizunik hartu behar, zeren eta, zuhurtasunagatik badarik ere, kargugabetuak izan behar dute, eta ebaluatuak”, esan du Uriak amaitzeko.